Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bederatzi ikastaro kultural eskainiko ditu (talde egonkorrak barne) 2019-2020 ikasturtearen udaberriko seihilekoan Iruñeko Arrosadiko campusean egiteko. Matrikula egiteko epea urtarrilaren 7an ireki zen (asteartea) Unibertsitateko komunitateko kideentzat (irakasle eta ikertzaileak, administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak); A3U programan izena emandako ikasle ohiek eta adiskideek, eta Unibertsitatetik kanpokoek, berriz, hilaren 20tik aurrera egin dezakete matrikula.

Alde batetik, joan den seihilekoko ikastaroen bigarren edizioa eskainiko da: “Astronomia kluba” eta “Garagardoari buruzko lantegia”, esaterako. Haietako lehenbizikoak astronomiaren eta halako gaien zaleak bildu nahi ditu, eta, prestakuntza teorikoa ez ezik, praktikoa ere emanen da, behaketak eta proiektu txikien garapena, esaterako. Bestalde, garagardoari buruzko lantegiak edari hau egiteko prozesuaren berri eman nahi du, eta, dastaketen bidez, kalitatearen adierazle nagusiak ezagutarazi.

Halaber, bigarren seihileko honetan ikastaro hauek eskainiko ditugu berriz ere: “Irakurketa kluba”, “Jendaurrean hitz egitea” eta “Eztabaida gela” (hirurak udazkeneko seihilekoan hasi ziren, eta aukera dago bigarren seihileko honetan haietara batzeko). Ikastaroen inguruko informazio guztia, egutegiak eta prezioak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.
Azkenik, ikasturte hasieran abiatu ziren ikastaro egonkorren jarduerek aurrera jarraituko dute seihileko honetan: Antzerki taldea, Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatza, Ganbera taldea eta aurten lehen aldiz egin den “UPNALAB Makers” taldea.

zoom Grupo de teatro

NUPeko antzerki-taldearen artxiboko argazkia.

Doako ikastaroak eta matrikula

Izen-ematea doakoa da ikastaro hauetan: Irakurketa kluba, Eztabaida kluba eta Astronomia kluba. Gainerako ikastaroen prezioak 44tik 137 eurora bitartekoak dira, betiere kontuan hartuta izena ematen duena Unibertsitateko kidea den edo ez den eta nolako iraupena duen jarduerak.

Matrikula Interneten bidez egin daiteke (sarbidea desberdina dute Unibertsitateko komunitateko kide direnek eta ez direnek) edo Iruñeko campusera joanez (Kulturako eta Kiroletako Unitatea, Arrosadiko campuseko Sekuoia eraikina). Tuterako campusean ere egin daiteke.

Ikastaroak eta jarduera kulturalak egiteagatik kredituak emanen zaizkie ikasleei, eta haien espedientean jasoko dira. Ikasleak, jarduera horiengatik, gehienez sei kreditu erdiesten ahal ditu graduko ikasketa plan osoan