• ES
  • EU
  • EN


2018ko abenduaren 19a [Argitalpenak]

NUP-ek “Liberales navarros a través de sus textos (1820-1823)” liburua argitaratu du, Ángel García-Sanz Historia Garaikideko katedradunak idatzia

Nafarroako Hirurteko Konstituzionalean argitaratutako 150 testu biltzen ditu; testuek baieztatzen dute Nafarroan bazela liberalen gutxiengo heterogeneo bat

zoomÁngel García-Sanz, NUPeko Historia Garaikideko katedraduna eta liburua idatzi duena.

Ángel García-Sanz, NUPeko Historia Garaikideko katedraduna eta liburua idatzi duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak “Liberales navarros a través de sus textos (1820-1823)” argitaratu berri du, Ángel García-Sanz Marcotegui Historia Garaikideko katedradunak idatzitako liburua. Lan horretan, Nafarroako Hirurteko Konstituzionaleko 150 testu biltzen dira (‘Hirurteko Liberal’ ere deitzen zaio etapa horri), eta “bestelako ikuspegi bat ematen digute etapa hartako Nafarroaz, uste zabalduaren bestelakoa; izan ere, gutxiengo liberal bat bazela erakusten dute, eta ausarta bezain heterogeneoa zela”, dio idazleak.

“Gutxiengo horren barruan militarrak nabarmentzen ziren, haiek osatzen baitzuten kolektibo ugariena eta trinkoena –García-Sanzen esanean–; baziren ordezkaritza karguak zituzten politikariak eta lanbide liberaleko jendea ere;, , maila sozial onekoak ziren, beraz, eta harreman estua zuten”. “Horiez gain, bazen nekazari behartsuen talde bat ere, ohartu zena Erregimen Berriarekin ez zietela pribilegiatuei men egin beharrik izango aurrerantzean; eta harrigarria bada ere, emakume eta elizgizon dezente ere bai”.

Nafarroako liberalak 1812ko Konstituzioaren alde

Liburuan jasotako testuek gizon-emakume liberalen lekukotasuna ematen dute, hau da, kolektibo plurala izanik ere, ideia liberalaren zale zen jendearen bizitzeko, sentitzeko eta pentsatzeko moduaren denetariko adierazpenena. Ángel García-Sanzek bildutako testuek, atariko ikerketa batekin batera, adierazpen eta aldarrikapenak jasotzen dituzte, bai eta azalpen biografikoak, himnoak, gutun pertsonalak, sermoiak, juramentuak, polemikak eta azalpenak, hitzaldiak eta pasarteak ere, denak ere Nafarroako liberalek gertaleku oso diferenteetan idatziak.

Katedradunak dioenez, osorik hartuta, “testuek erakusten dute Nafarroako liberalek 1812ko Konstituzioaren aldeko apustua egin zutela, eta espainolak sentitzen zirela erabat. Horregatik defendatzen zuten, beste guztien gainetik, “kausa nazionala” eta “nazio liberala” eraiki beharra”. “Hirurteko Konstituzionaleko Nafarroako liberalek uniformetasun berria onartu zuten, eta Antzinako Erregimeneko instituzio pribatiboak kentzea. Horrek guztiak mahai gainean jartzen du nola eta noiz sortu zen hurrengo hamarkadako liberalismo foruzalea”, esan du azkenik historialariak.

Ángel García-Sanzen curriculum laburra

Ángel García-Sanz Marcotegui Historia Garaikideko katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta ikerlan asko egin ditu Nafarroako XIX. eta XX. mendeetako historia politikoari eta sozialari buruz. Hauek dira historialariak idatzi dituen liburuetan berrienak: “El fuerismo constitucional y la Diputación de Navarra (1841-1923)”, “La identidad de Navarra. Las razones del navarrismo (1866-1936)”, “Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro (III)” eta “Militares carlistas navarros (1833-1849)”. Azken biak idazteko, lankide izan ditu Ana González Gilen eta Javier Ruiz Astiz, hurrenez hurren.