Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa da 2024ko City Nature Challenge biomaratoian parte hartzen duen erakundeetako bat. Biomaratoia nazioarteko ekitaldi bat da, eta haren helburu da herritarren eta komunitate zientifikoaren arteko lankidetzaren bidez tokiko biodibertsitatea ezagutzea. Jarduera hori apirilaren 26tik 29ra bitartean eginen da mundu osoan, eta 47 herrialdetako 400 hirik baieztatu dute parte hartuko dutela. Iruñean eta haren metropoli-eremuan, Terrabiota da erakunde antolatzailea.

zoom Pertsona bat espezie bati argazkiak ateratzen biomaratoi batean (artxiboko argazkia).

Pertsona bat espezie bati argazkiak ateratzen biomaratoi batean (artxiboko argazkia).

Biomaratoian banaka, taldean, familian edo ikastetxe gisa parte hartzeko aukera dago. 4 egun horietan, Iruñeko metropoli-eremuko izaki bizidunen (animaliak, landareak, onddoak...) argazkiak egin (smartphonearekin, tabletarekin edo argazki-kamerarekin) edo audioak grabatuko dira. Orobat oinatzak, maskorrak, lumak eta bestelako arrastoak ere erregistratuko dira. Gero, argazkiak kargatu behar dira iNaturalist plataforman —Kaliforniako Zientzia Akademiaren eta National Geographic Societyren baterako ekimena—, adituek partekatu eta identifikatzeko.

iNaturalistetik adierazi dutenez, “behaketa bakoitzak zientziaren biodibertsitateari laguntzen ahal dio, tximeleta arraroenetik hasi eta patio bateko belar arrunteneraino. Zure behaketak datu zientifikoen biltegiekin partekatzen ditugu zientzialariei zure datuak aurkitzen eta erabiltzen laguntzeko. Biltegi horien artean dago, esaterako, Global Biodiversity Information Facility. Behatu besterik ez duzu egin behar".

Iruñea, Espainiako lehen hiria 2023an izandako parte-hartzean

2023ko Biomaratoian, Iruñea (eta bere metropoli-eremua) izan zen hirugarren urtez jarraian herritarren parte-hartze handiena eta erregistratutako espezie-kopuru handiena izan zuen Espainiako hiria. Zehazki, 332 landare-espezie, 197 animalia eta 37 onddo eta liken identifikatu ziren. Guztira 2.200 egin ziren, eta horietatik 2.055 egiaztagarriak izan ziren, hau da, argazkiak edo audio-grabazioak izan zituzten.

Honako hauek izan ziren iNaturalist plataforman gehien erregistratu ziren Iruñeko metropoli-eremuko 6 espezieak: basahatea (Anas platyrhynchos), baratxuri-belarra (Alliaria petiolata), damaren orkidea (Orchis purpurea), mitxoleta (Papaver rhoeas), basabitxilorea (Bellis perennis) eta veronica persiarra (Veronica persica).