• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko ikertzaile eta egresatu batzuek dron hibrido bat diseinatu dute, bertikalean aireratu eta lur hartu eta hegazkin batek bezala hegan egiten duena

Teknologia hau FuVeX enpresan garatu da, eta tripulatu gabeko beste aireontzi batzuekin alderatuz bi bider autonomia handiagoa eman eta kostuen % 50 aurrezten du

zoomFuVeX enpresako kideak, dron hibridoarekin argazkia ateratzen. Ezkerretik eskuinera: José Javier Astrain, Ion Goizueta, Carlos Matilla (Iberus Emprenderen sariagatik eman zioten diplomarekin), Carlos Castellano, Jesús Villadangos eta Mael Taleb.

FuVeX enpresako kideak, dron hibridoarekin argazkia ateratzen. Ezkerretik eskuinera: José Javier Astrain, Ion Goizueta, Carlos Matilla (Iberus Emprenderen sariagatik eman zioten diplomarekin), Carlos Castellano, Jesús Villadangos eta Mael Taleb.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile eta egresatu batzuek FuVeX enpresaren bidez, zeinak Tuteran baitauka egoitza, tripulatu gabeko aire ibilgailu bat diseinatu dute, dron izenaz ezagunagoa, hibridoa, hegazkinek dituzten bi hego finko eta lau errotore (pala birakariak) konbinatzen dituena, eta horri esker aireontziak bertikalean aireratu eta lur hartzen du edozein gainazal lautan, eta, gero, hegazkin batek bezala hegan egiten du. Teknologia honek ohiko dronekin alderatuz, bi bider autonomia gehiago ematen du. Horri esker lur-eremu zabalak monitoriza daitezke, eta kostuen % 50 aurrezten du merkatuan dauden gisa honetako gainerako aireontziekin alderatuz.

FuVeX enpresak gaur arte hiru modelo diseinatu ditu: bi propultsio elektrikokoak eta beste bat hibridoa (elektrikoa eta gasolina), zeina aurreratuena baita, 24 kiloko pisuarekin gehienez ere 2,5 kiloko zama eraman baitezake, eta 320 kilometroko hegaldi autonomia baitauka. Azken modelo honen aurrerapena ulertzeko, aski lehenengo bi prototipoekin konparatzea, zeinek 30 kilometrotik 80 kilometrora bitartean hegan egin baitzezaketen.

Dron honen aplikazioen artean daude, besteak beste, nekazaritzako teledetekzioa, azpiegitura handien ikuskatzea, logistika (pakete-garraioa) eta itsas zabaleko erreskatea.

Enpresako kideak

Teknologia honen egileak dira FuVEX enpresako zazpi kideak (horietatik sei, NUPekin lotuta daude). Esaterako, José Javier Astráin Escola eta Jesús Villadangos Alonso Informatika eta Matematika Ingeniaritzako Saileko irakasleak dira; Carlos Castellano Aldave Unibertsitateko Jerónimo de Ayanz Zentroko bultzagilea da; eta Ion Goizueta Crespo, Tania Jorajuría Gómez eta Mael Taleb, Industria Ingeniaritza, Telekomunikazio Ingeniaritza eta Informatika Ingeniaritzako tituludun egresatuak, hurrenez hurren. Haiekin lan egiten du Carlos Matilla Codesal aeronautika ingeniari eta enpresako lehen exekutiboak.

FuVeX enpresa Tuterako La Serna industrialdeko Nekazaritzako Elikagaien Hirian dago, eta Europako Batzordeak Europar Batasuneko enpresa berritzaileenetakoaren aitorpena eman dio Horizonte 2020ren bidez (EBren ikerketa eta berrikuntza esparru-programa), Enpresa Txiki eta Ertainen Tresna izeneko azpiprogramaren bidez. Programa hori enpresa txiki eta ertain berritzaileei zuzenduta dago. Enpresa nafarrak jada eskatu du nazioarteko patente bat.

Enpresako inbestitzaile nagusia Sodena da (Nafarroako Garapenerako Elkartea), eta  Orizont nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresen azeleragailurako aukeratu du Nafarroako Gobernuak. Hori dela-eta dago Erriberako hiriburuan.

FuVeX enpresak lortutako aitorpenen artean aipatzekoa da joan den abenduan Iberus Emprende sarien hirugarren edizioan lortu zuen saria "Enpresa proiektua" kategorian. Campus Iberus Nazioarteko Bikaintasun Campusak —Lleida, Errioxa eta Zaragozako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa biltzen dituenak— antolatzen ditu sariak CLH Taldearen (Compañía Logística de Hidrocarburos) babesarekin.