• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

31 herrialdetan mugikortasun programetan parte hartzen duten NUP-eko 302 ikasleek Nafarroa Rural Kutxaren bekak jaso dituzte

Alfonso Carlosena errektorea izan da Sario eraikinean egin den harreraren burua, eta ikasleen senitarteko eta adiskideek ere parte hartu dute

zoomIkasleak eta agintariak argazkia ateratzeko jarrita, NUPeko Sario eraikinean egindako ekitaldiaren ondoren.

Ikasleak eta agintariak argazkia ateratzeko jarrita, NUPeko Sario eraikinean egindako ekitaldiaren ondoren.

Alfonso Carlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea buru izan da 302 ikasleri harrera egiteko ekitaldian ostiral honetan, abenduak 23. Ikasle horiek ikasturte honetan parte hartzen ari dira nazioarteko mugikortasun programetan, 31 herrialdetan. Ikasle gehienak (227) Erasmus programakoak dira; 40, Palafoxekoak; 12, Martín de Radakoak; 11, aldebiko hitzarmenetakoak; 9, ISEP USAkoak; eta 3, ISEP Nazioartekoa programakoak. Ekitaldian zehar, gazteek Rural Kutxak unibertsitateen arteko trukerako ematen dituen bekak jaso dituzte, eta gazteen senitarteko eta adiskideak ere bertan izan dira.

Ekitaldia Iruñeko campuseko Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egin da, eta Hugo López López nazioartekotzeko errektoreordearen hitz batzuek hasiera eman diote. Ondoren Nafarroako Rural Kutxako buru Ignacio Terés Los Arcosek hitz egin du, eta ikasleei bekak eman dizkie. Beken kopurua aldatu egiten da, ikasleek ikasturte osoa atzerrian egiten duten (osotara 72) edo seihileko bat egiten duten (159 udazkenekoan; eta 71 udaberrikoan), horren arabera. Ekitaldia bukatzeko, Alfonso Carlosena errektoreak agurra egin du, eta ondoren talde osoaren argazkia egin da.

zoomEzkerretik eskuinera, Ignacio Terés, Alfonso Carlosena eta Hugo López, ekitaldian.

Ezkerretik eskuinera, Ignacio Terés, Alfonso Carlosena eta Hugo López, ekitaldian.

Ikasleak (174 emakume eta 128 gizon) 31 herrialdetako unibertsitateetan ikasten ari dira, gehienak Europan. Ikasle kopuru handiena hartzen duten herrialdeak hauek dira, hurrenkeraren arabera: Frantzia, Alemania, Portugal, Belgika, Polonia, Txile, Herbehereak, Mexiko, Estatu Batuak eta Austria.

NUPeko ikasleak hartzen dituzten gainerako herrialdeak  hauek dira: Argentina, Australia, Brasil, Bulgaria, Kanada, Txina, Hego Korea, Dinamarka, Eslovenia, Finlandia, Britainia Handia, Grezia, Irlanda, Letonia, Peru, Txekiar Errepublika, Suedia, Suitza eta Taiwan.

Hainbat mugikortasun programa

Ikasketak atzerrian egiten ari diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle gehienek, osotara 227, Erasmus programan parte hartzen dute. Programa hori Europar Batasunaren prestakuntza programa bat da Goi mailako hezkuntzaren esparruan lankidetzan jarduteko.

zoomEkitaldian parte hartu zuten NUPeko ikasleen senitarteko eta adiskideak.

Ekitaldian parte hartu zuten NUPeko ikasleen senitarteko eta adiskideak.

Bigarren programa garrantzitsuena Palafox da, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko daukan ekimen bereki bat. Ikasturte honetan parte hartzen ari diren 40 ikasleek aukera dute programaren bitartez, ikasketen parte bat Iberoamerikako unibertsitate batean egiteko, eta bermea dute aldi horretan erdietsi dituzten  kredituak onartuko dizkietela itzultzen direnean.

NUPeko nazioarteko beste programa bat Martín de Rada programa da. Ikasturte honetan hamabi ikasle daude programa honetan, zeinean sartzen baitira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako hainbat unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak. Programa horiei gehitzen zaizkie zenbait herrialdetako unibertsitateekin izenpetutako aldebiko hitzarmenak, hala nola Estatu Batuak, Australia, Erresuma Batua eta Kanada, eta horietan hamaika ikaslek parte hartzen dute. Azkenik, programa horiei ISEP USA eta ISEP Nazioartekoa (3) gehitzen zaizkie. ISEP USA programak herrialde hartako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko aukera eskaintzen du, eta ikasturte honetan  beste bederatzi ikasle dauzka.