Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen bitartez, “Huarte de San Juan. Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika” aldizkariaren zenbaki berri bat argitaratu du. Aldizkariaren zuzendariak María Camino Bueno Alastuey, Orreaga Ibarra Murillo eta Magdalena Romera Ciria NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle eta Gizarte Ikerketa Aurreraturako Institutuko kideak dira (I-COMMUNITAS).
Zenbaki horretako lau artikuluek (horietako bat ingelesez) hainbat gai jorratzen dituzte: emakume gerlariaren paradigma “El conde partinuplés” obran, azpitituluen erabilera atzerriko hizkuntzaren didaktikarako, gaitasun metalinguistikoaren erabilera eta, azkenik, Bigarren Hezkuntzako gaztelania eta literaturako irakasleek hizkuntza inklusiboaren gainean dituzten pertzepzioak.
Artikuluei buruzko zenbait xehetasun
Lehen artikuluan, Álvaro Clavijo Corchero Errioxako Unibertsitateko ikertzaileak emakume gerlariaren topikoa jorratzen du Ana Caro de Mallén (1590-1649) antzerkigile barrokoaren “El conde partinuplés” komedia palatinoan. Horretarako, XVII. mendeko emakumearen egitura soziala ez ezik, garaiko antzerkiko emakume gerlariaren ereduaren eraketa ere berrikusten du. Horren ondoren, azterlana zentratzen da antzerki-lan horretako protagonista diren emakumezko pertsonaien eraikuntzan, zeinak garai hartako paradigma soziokulturalaren guztiz kontrakoak ziren emakumeak baitira.
Bigarren artikulua ikus-entzunezko itzulpen didaktikoari buruzkoa da, eta Edurne Goñi Alsúa NUPeko ikertzaileak idatzi du. Artikuluan aztergai ditu Bigarren Hezkuntzako gramatika-klase batean azpitituluak erabiliz egiten den ataza baten emaitzak.
Aldizkariko hirugarren artikuluaren izenburua “Gramatikaren gogoetatik testuaren ulermenera, mikrokontakizun baten harira” da, eta Santiago U. Sánchez Jiménez Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslea da egilea. Artikuluan defendatzen du gramatika eta diskurtsoa integratu behar direla gaitasun metalinguistikoa erabiltzean”
Azken artikulua Magdalena Romerarena da, eta aztergai ditu Nafarroan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Gaztelania eta Literaturako irakasleek hizkuntza inklusiboaren gainean dituzten pertzepzio eta jarrerak. Emaitzek jarreren polarizazioa erakusten dute: talde minoritario baten arabera, hizkera neutrala da, eta aldaketa inklusiboak baztertzen ditu, baina azterketako parte-hartzaile gehienek hizkera inklusiboak desparekotasunak ikusarazteko eta ekitatea sustatzeko duen ahalmen eraldatzailea identifikatzen dute.