Artea; osasuna eta ongizatea; eta nortasunaren muturreko nahasmendua, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hurrengo udako ikastaroetako gaiak. Guztiak abuztuan eginen dira, eta matrikula egiteko epea zabalik dago oraindik.
Lehen ikastaroa “Argizari Galdua II: materia trantsituan” da, “ diziplinarteko ekimen artistiko bat, artearen eta heriotzaren arteko lotura esploratzen duena argizariaren erabilera sinbolikoaren bidez, eta dolu-argizariari eta irundako argizariak eskuz egiteari buruzko jakintzak eta tradizioak berritzen ditu. Ikastaroa abuztuaren 24an eta 25ean izanen da, eta Kulturolan garatuko da, Nafarroako Pirinioetako kulturgune batean.
Bigarrena da “Bizitza egunerokotasunean durundi egiten eta eraldatzen. Osasun eta ongizate praktikak”, eta abuztuaren 25etik 29ra bitartean eginen da. Monografikoak “apustu egiten du bizitzaren, harremanen eta geure ingurunearen jasangarritasunaren alde. Mundu honetan, non azelerazioa, ezjakintasuna, desparekotasuna eta aldaketa klimatikoa diren nagusi, garrantzi berezia hartzen dute entzuteak eta esperimentazioak, eta haiek egunero lantzeak; erresistentzia- eta errebeldia-ekintza bat da”, azaldu dute ikastaroaren antolatzaileek.
Azken eta hirugarren ikastaroa da “Mugako nortasunaren nahasmendua desmitifikatzen: Terapia Dialektika Konduktualean oinarrituriko ikuspegi bat”, eta abuztuaren 28an eta 29an eginen da. Monografikoak buru-nahasmendu larri hori aztertzen du. Maiztasun handia du gizartean (biztanleria orokorraren % 1 - % 6), eta honako hauek dira haren ezaugarri nagusiak: “muturreko sentiberatasuna pertsonen arteko arazoetan; emozio bizi eta aldakorrak; jokabide inpultsiboak eta "ni”-aren nozio ezegonkorra”.