Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile batzuek Berrikuntzaren Jaume Blasco Saria jaso dute WAAM (arku eta alanbre bidezko fabrikazio gehigarriaren siglak ingelesez) prozesuaren simulazio termikoari buruzko ikerketa batengatik. Prozesua industrian azkar zabaltzen ari den metaleko 3D inprimaketa teknika bat da.    Ikerketak tresna informatikoak erabiltzen ditu beroa fabrikazioan nola sortzen den eta nola jokatzen duen erreproduzitzeko. Horri esker, prozesuaren emaitza aurreikus daiteke, proba fisikorik egin beharrik gabe.  Epaimahaiaren arabera, ikertzaileek saria jaso dute “beren ikuspegi berritzaileagatik eta aurrerapen teknologikoari egindako ekarpenagatik”, Proiektuen Zuzendaritzari eta Ingeniaritzari buruzko Nazioarteko XXIX. Biltzarraren (CIDIP) esparruan . Ingeniaritzako eta Proiektuen Zuzendaritzako Espainiako Elkarteak (AEIPRO)  uztailean antolatu du biltzarra, eta hainbat herrialdetako profesional eta espezialistak biltzen ditu urtero proiektuen ingeniaritzaren esparruko aurrerapenak partekatzeko.

zoom NUPeko ikertzaile sarituak. Ezkerretik eskuinera: Daniel Salcedo, Sergio Ibáñez, Xabier Sandua eta Miguel Ángel Martín. Hauek falta dira: Fernando Veiga eta Pedro José Rivero.

NUPeko ikertzaile sarituak. Ezkerretik eskuinera: Daniel Salcedo, Sergio Ibáñez, Xabier Sandua eta Miguel Ángel Martín. Hauek falta dira: Fernando Veiga eta Pedro José Rivero.

WAAM prozesua da pieza metalikoak egitea geruzaz geruza metalezko haria urtuz, 3D inprimagailu baten antzera. Ikerketan, ordenagailuz egindako simulazio bat garatu du taldeak, prozesu honetan beroa nola sortzen, banatzen eta barreiatzen den aztertzeko. Simulazioak metalaren portaera iragartzen laguntzen du, zenbait baldintzaren arabera, hala nola tenperatura, fabrikazio-abiadura edo erabilitako material mota. Gero, emaitza birtualak laborategiko benetako datuekin kontrastatu ziren, haien zehaztasuna egiaztatzeko. Prozesuaren efizientzia eta fidagarritasuna hobetzeak ahalbidetzen du inguru industrialetan aplikatzea, bereziki autogintza eta aeronautika bezalako sektoreetan.

zoom NUPetik AEIPROk Coruñan egindako biltzarrera joandakoak. Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Sara Marcelino, Javier Villafranca, Fernando Veiga eta Eneko Villabona. Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Ángel María Echeverría, Xabier Sandua, Virginia Uralde eta Miguel Ángel Martín.

NUPetik AEIPROk Coruñan egindako biltzarrera joandakoak. Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Sara Marcelino, Javier Villafranca, Fernando Veiga eta Eneko Villabona. Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Ángel María Echeverría, Xabier Sandua, Virginia Uralde eta Miguel Ángel Martín.

Ikerketak elementu finituen metodoan oinarritutako eredu konputazional bat erabili du, teknika matematiko bat, aldagai termikoek eta materialek azken emaitzan nola eragiten duten aztertzeko. Orobat aztertu da tenperaturen banaketa pieza metalikoaren barruan prozesuaren zenbait parametroren arabera. Ezagutza horrek fabrikazio hobeki kontrolatzea ahalbidetzen du.

Ikerketa taldea

Teknologia horrekin lanean aritu den taldea NUPeko bi ikerketa instituturekin dago lotuta, hots, Material Aurreratuetako eta Matematikako Institutuarekin (INAMAT²)  eta Smart Cities Institutuarekin (ISC) , eta honako hauek osatzen dute: Fernando Veiga Suárez, proiektuaren arduraduna, Pedro José Rivero Fuente, Daniel Salcedo Pérez, Xabier Sandua Fernández, Sergio Ibáñez Losantos eta Miguel Ángel Martín Antunes.

Ikerketa finantzatu dute, batetik, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak FactorIA ekimenaren bidez eta, bestetik, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak Euroeskualdeko Berrikuntza programaren bidez.

Saritik aparte, honako hauek osatu dute NUPen ordezkaritza Proiektuen Zuzendaritzari eta Ingeniaritzari buruzko Nazioarteko XXIX. Biltzarrean (CIDIP): Sara Marcelino Sádaba, Virginia Uralde Jiménez, Ángel María Echeverría Lazcano, Javier Villafranca Zudaire eta Eneko Villabona Gorri, lehen aipatutako Fernando Veigaz, Xabier Sanduaz eta Miguel Ángel Martínez gain.