Joan eduki nagusira

Álex Pascual Cid (Logroño, 2000) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Bioteknologiako Graduko  egresatuak hasi berria du Fisiologia, Anatomia eta Genetikako doktoretza Oxfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua), “Dame” Molly Stevens irakaslearen ikerketa-taldean. Irakaslea nazioarteko erreferentzia da ehun eta biomaterialetan. Haren lanaren xedea da giza organoak eta ehunak sortzea biofabrikazioko eta 3D inprimaketako tekniken bidez, egun sendabiderik ez duten gaixotasunetarako terapia birsortzaile berrietan laguntzeko helburuarekin. “La Caixa” Fundazioaren graduondoko beka bati esker eginen du egonaldia Oxforden. Felipe VI.a erregeak eman zion beka aurreko ekainean.

zoom Álex Pascual Cid, NUPeko egresatua, Oxforden (Erresuma Batua). Argazkia: Laura Smith.

Álex Pascual Cid, NUPeko egresatua, Oxforden (Erresuma Batua). Argazkia: Laura Smith.

NUPen egon zen garaian, iGEM (International Genetically Engineered Machine Competition) munduko biologia sintetikoko nazioarteko lehiaketarik handienean parte hartu zuen unibertsitate taldeko kide izan zen Pascual, eta Bioteknologiako Graduko lehen promoziokoa da (2018-2022).  NUPeko taldeak urrezko domina bat lortu zuen Bostoneko finalean (Estatu Batuak)  Nafarroako nekazaritzan eragina duten kutsatzaileak uretan detektatzeko gai den bakterio-biosentsore bat garatzeagatik. Gainera, Nafarroako Bioteknologoen Elkartearen (NavBiotec)  bultzatzailea eta lehen lehendakaria izan zen, eta elkartean zegoela hainbat ekimen antolatu zituen, hala nola “Emakumeak Nafarroako bioteknologian”  mahai-ingurua, zeinak 300 bat parte-hartzaile izan baitzituen, edo BioNorth biltzarra , Iruñean egina erakundeen eta zientziaren eta enpresaren arloko ehun profesional baino gehiagoren parte-hartzearekin.

Gero Europar Batasunak ikertzaile gaztea aukeratu zuen Medikuntza Berritzaileko Europar Masterra egiteko, hots, kontinente zaharreko programa lehiakorrenetako bat. Graduondoko hori egin zuen Groningeneko (Herbehereak) eta Cambridgeko (Erresuma Batua) unibertsitateetan. Ikasketa horiek egin bitartean, medikuntza birsortzaile kardiakoan espezializatu zen, miokardio infartuek bihotzean eragindako kalteak tratatzeko.

Youtuberra eta ekintzailea

Orobat YouTubeko kanal bat  zuzentzen du. Kanalak 22.000 harpidedun baino gehiago ditu, eta bertan atzerrian ikertzen, ekiten eta bizitzen izandako esperientziak partekatzen ditu belaunaldi berria inspiratzeko. Gainera, aurten “start-up” bat sortu du beste batzuekin batera, belauneko lotailu gurutzatua birsortzeko, kirol medikuntzako lesio ohikoenetako eta konplexuenetako bat baita. Proiektua Eindhovenen (Herbehereak) egindako biomaterialen nazioarteko hackathon batean irabazi ondoren sortu zen. Proiektua garatzeko hasierako finantzaketa lortu zuen, eta gaur egun Oxfordeko Unibertsitateko Venture Builder programaren parte da.

Etxean, Urteko iruindar izendatu zuten 2022an. “Logroñon jaio banintzen ere, sustrai nafarrak ere baditut: nire aitona Caparrosokoa da, eta urte asko egin ditut Iruñean bizitzen, hazten ikusi nauen hirian, eta han garatu dut nire ibilbidearen zatirik handiena”, argitu du.

“Nire helburua da zientzia, teknologia eta ekintzailetza uztartzea, ikerketaren aurrerapenak klinikara eramateko. Bertan, pazienteen osasunean eragin zuzena sor daiteke, eta, aldi berean, belaunaldi berria inspiratu, ni nire aurrekoetan inspiratu eta haiengandik ikasi dudan bezala”, ondorioztatu du Alex Pascual Cidek.