Joan eduki nagusira

Íñigo Medrano Erasok (Iruñea, 2001) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra  amaitu berri du, eta ibilgailu elektriko bat diseinatu eta egin du erresistentzia probetan lehiatzeko. Master amaierako lan gisa garatu du proiektua, Daniel Salcedo Pérez Ingeniaritza Saileko irakasle eta Smart Cities Institutuko (ISC)  ikertzailearen zuzendaritzapean, eta Greenpower Iberia lehiaketarako prestatutako ibilgailu bat sortu du; lehiaketak berrikuntza eta jasangarritasuna ditu ardatz. Lehiaketak motorra eta bateriak ematen dizkie parte-hartzaileei; beraz, erronka ibilgailuaren gainerako zatia hobetzean datza: egitura, gurpilak, funtzionamendua eta energiaren kontsumoa.

zoom Íñigo Medrano (ezkerraldean), Daniel Salcedo irakaslearekin, eta ibilgailu elektrikoa, NUPen Arrosadiko campusean.

Íñigo Medrano (ezkerraldean), Daniel Salcedo irakaslearekin, eta ibilgailu elektrikoa, NUPen Arrosadiko campusean.

Honako hau azaldu du Íñigo Medranok: “Ikasturtearen hasieran, urri aldean, Miravalles-El Redín ikastetxeak proposamen bat luzatu zidan ikastetxeak parte hartzen duen eskolaz kanpoko jarduera batean lankidetzan aritzeko; jarduera hori Greenpower Iberia lehiaketa zen, eta helburua lehiaketan parte hartzeko ibilgailu bat diseinatu eta sortzea zen. Ez nuen zalantzarik egin, eta bete-betean murgildu nintzen proiektu hartan, zeina nire master amaierako lan bilakatu baita”.

zoom Íñigo Medrano ingeniari industriala, berak diseinatu eta fabrikatutako ibilgailu elektrikoaren barrenean.

Íñigo Medrano ingeniari industriala, berak diseinatu eta fabrikatutako ibilgailu elektrikoaren barrenean.

Azaldu duenez, “baliabide urriekin” sortutako ibilgailu elektrikoa da, eta Íñigok txasisa, direkzioa, gurpilak, eskema elektrikoa, transmisioa eta karrozeria diseinatu ditu. Lanean, halaber, zenbait soluzio aurkitu behar izan ditu pisua murrizteko, bihurguneetan kontrola errazteko eta ibili bitartean energiaren erabilera hobetzeko. Hartutako erabakien artean, Iñigo Medranok gurpil arinagoak eta ibilbidera hobeto egokitzea ahalbidetuko zuten piezak aukeratu zituen, betiere ibilgailuaren mantentze-lanak zaildu gabe.

Bizikletatik ibilgailura

Ibilgailuaren egitura bizikleta-koadroetatik abiatuta egin du, eta koadroak egokitu eta indartu ditu, ibilgailuak lehiaketaren esfortzua alferrikako pisurik gehitu gabe jasan dezan. Era berean, balazta-argiak, larrialdietan deskonektatzeko sistema eta bateriaren kontrol efizienterako sistema elektriko seguru bat diseinatu ditu.

Ibilgailua fabrikatzeko prozesuan, zenbait enpresa eta erakunderen laguntza jaso du babesle gisa, hala nola Grupo Navarsuecia, Autocares Artieda, Sancho Ramírez entzumen zentroa, NUP, Nafarroako Unibertsitateko TECNUM ingeniaritza eskola eta Miravalles-El Redín ikastetxea, non unibertsitate aurreko ikasketak egin baitzituen. “Proiektu horri esker, sektoreko enpresa askorekin batera aritzeaz gain, ingeniaritzarako, diseinu industrialerako eta simulaziorako softwarea erabili dut, eta DBHko 3. mailako ikastalde batentzat eskolaz kanpoko jarduera bat egiteaz ere arduratu naiz”, azaldu du Iñigo Medranok. Masterra egin aurretik, Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduaren Nazioarteko Programa egin zuen NUPen.

Proiektuaren emaitzen arabera, ingeniaritzako ikasle horrek hartutako erabakiek hobetu egin dute “autoaren eraginkortasun energetikoa, egonkortasuna eta lehiakortasuna, betiere lehiaketaren araudiaren barrenean”. Hurrengo urrats gisa, pistan probak egitea eta ordenagailu bidezko simulazioak erabiltzea planteatzen da, diseinua hobetzen eta lehiakortasuna handitzen jarraitzeko.