Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Tebas-Muru Artederretako Udalak abian jarri dute erakunde akademikoaren lehen arkeologia-esparrua Nafarroako Tebas herriko gazteluan. Jauregia XIII. mendean eraiki zuten, Nafarroako Erresumako errege-egoitza izan zen eta zenbait erregeren bizilekua, hala nola Teobaldo I.a, Enrike I.a eta Karlos II.a.  Indusketan parte hartzen ari dira erakunde akademikoko Historiako eta Ondareko Graduko ikasleak boluntarioekin batera. Bildutako materiala NUPeko Arkeologia Laborategi berrian aztertu eta dokumentatuko da.

zoom excavacion tiebas

Tebasko gaztelua, zerutik ikusita.

Esku-hartzea bi fasetan garatuko da lau astean zehar, eta Nerea Soto Úrizek eta Iosu Barragan Cidriainek zuzentzen dute. NUPeko Historiako eta Ondareko Graduko hamar ikasle ari dira parte hartzen. Tebas-Muru Artederretako Udalaren beka lortu dute. Hauek zehazki: Paula Albero Royo, Miguel Apesteguía Lapresa, Naroa Carrasco Macho, Maite Cía Urmeneta, Unai Echeverría Ruiz, Lorea Guembe Ochotorena, Rosa Laliena Machuca, Isabel Redín Díez, Ane Pinzolas Sanz de Galdeano eta Jon Sangüesa López.

zoom excavacion tiebas

Ikasleak, boluntarioak eta esparru arkeologikoko arduradunak, Tebasko gazteluaren aurrean.

Aholkulari zientifikoak eta laguntzaileak

Proiektuak honako hauen aholkularitza zientifikoa du: Javier Armendáriz Martija NUPeko Historiaurreko, Antzinako Historiako eta Arkeologiako irakaslea eta Iván Ruiz Ardanaz ikertzailea. Unibertsitateko eta Tebas herriko boluntarioak ere ari dira laguntzen, hala nola Jakes Jimeno Nieva, Edurne Quílez Aranda, Pablo Ruiz Ardanaz eta Marcos Vicente Arriazu.

zoom excavacion tiebas

Bi ikasle, Ane Pinzolas eta Miguel Apesteguía, Tebasko gazteluan lanean.

“Nire kasuan, lehenengo aldia da indusketa arkeologiko batean parte hartzen dudana eta esperientzia bikaina iruditzen zait —esan du Jon Sangüesa López Historiako eta Ondareko Graduko ikasleetako batek——. Asko ari naiz ikasten profesionalen eskutik, gure lekuan jartzen badakitelako eta edozein arazo edo zalantza argitzen laguntzen digutelako. Gainera, ez digute dena eginda ematen, ahal den neurrian kudeatzen uzten digutelako huts eginez ere ikas dezagun. Orobat nabarmendu nahi dut ikasleen, talde teknikoaren eta boluntarioen artean dagoen giro ona, errespetuz eta umoretsu jokatzen baitute gurekin”.

Aztarnategiko guneak

Lan arkeologikoak aztarnategiko hiru gune nagusitan zentratu dira: sukaldeen aldea, ubide-sarea eta 2023an egindako prospekzio geofisikoan atzemandako zenbait anomalia magnetiko. Helburua da gazteluaren antolaketa funtzionala eta haren bilakaera historikoa ezagutzea. 

Ekimenak unibertsitateko prestakuntza, zientzia aplikatua eta herritarren parte-hartzea biltzen ditu lurraldeko Erdi Aroko enklabe garrantzitsuenetako batean, unibertsitatearen eta tokiko ingurunearen arteko lankidetza sendotzen du, eta Nafarroako ondare historikoari balioa ematen laguntzen du. Gainera, ekimenari esker, ikasleek esperientzia praktikoa dute indusketa eta ikerketa arkeologikoan.