Joan eduki nagusira

Jusdin Ruiz Umaña Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretzako ikasleari Industria Mikrobiologiako eta Bioteknologia Mikrobiarreko talde espezializatuaren poster zientifiko hoberenaren saria eman diote Espainiako Mikrobiologia Elkarteak ekainean Jaenen egin duen XXX. biltzarrean.  

zoom premio poster tesis

Jusdin Ruiz Umaña, bere poster sarituarekin.

Ikasle sarituaren doktoretza-tesirako proiektua bideratuta dago Nafarroako basoetan bildutako onddo basidiomizetoek eta NUPeko Genetika, Genomika eta Mikrobiologia laborategiko isolatuen bilduman eskuragarri dauden onddoek sortutako konposatu bioaktibo farmazeutiko berriak bilatzera. Jusdin Ruiz NUPeko IMAB ikerketa-institutuan ari da egiten tesia, Gerardo Pisabarro de Lucas katedradunaren eta Gumer Pérez Garrido irakaslearen zuzendaritzapean, baita María Isabel Calvo Martínez Nafarroako Unibertsitateko irakaslearen zuzendaritzapean ere. Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren barruan lehentasuna duen medikuntza pertsonalizatuaren barruan dago proiektua. 

Onddoetatik eratorritako konposatu berriak

Saritutako ikertzaileak azaldu duenez, “konposatu bioaktiboen eta molekulen etengabeko eskaria dago, hainbat patologia tratatzeko konposatu berriak ekoizteko. Onddo basidiomizetoen eremua, konposatu horien ekoizle gisa, ez dago askomizetoen edo estreptomizetoen eremua bezain ikertua, eta, hala ere, potentzial handia du, onddo horien ingurune ekologikoa ez baitator bat bigarren mailako metabolito interesgarriak ekoizten dituzten beste organismo batzuekin”, zehaztu du. Testuinguru horretan, proiektuak “interes farmazeutiko aplikatua duten molekulen errepertorioa handitu nahi du. Orobat Nafarroako basoen biodibertsitatearen balioa handitu eta interesgarriak diren konposatuak ikertzeko bide berri bat irekitzen lagundu nahi du, oraindik behar bezala ikertu ez den talde biologiko bat erabiliz”.