Joan eduki nagusira

Martín Razquin Lizarraga eta José F. Alenza García Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Administrazio Zuzenbideko katedradunek “Biometría, derecho administrativo y datos” liburua zuzendu dute. Aranzadi La Ley argitaletxeak argitaratu du liburua. NUPeko Zuzenbide Saileko beste bi irakaslek ere parte hartu dute liburuan, eta Ikerketarako Estatu Agentziaren deialdian finantzatutako izen bereko proiektuaren emaitza da. Agentzia hori Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mendeko erakundea da.

zoom libro biometria

Liburuaren zuzendariak, beste hiru egilerekin batera, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Miren Sarasíbar, Martín Razquin, José F. Alenza eta Aritz Romeo, NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultatean.

Liburuak hamahiru kapitulu ditu, adimen artifizialaren (AA) eta biometriaren araubide juridiko eta etikoaren hainbat alderdi jorratzen dituztenak, identifikazio biometrikoari arreta berezia eskainiz, Adimen Artifizialaren Europako Erregelamendua (RAI), Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta identifikazio digitalari eta zibersegurtasunari buruzko beste arau batzuk kontuan hartuta. 

Lehen aipatutako bi katedradunez gain honako hauek dira liburuan parte hartzen duten NUPeko Zuzenbide Saileko irakasle eta ISC Institutuko ikertzaileak: Aritz Romeo Ruiz (gardentasuna, sistema biometrikoak eta administrazio publikoak aipagai dituen kapitulu bat idatzi du) eta Miren Sarasíbar Iriarte (biometriaren aurrean zaurgarriak direnen babes juridikoari buruzko beste kapitulu bat idatzi du).

Araubide juridikoa eta adimen artifizialaren, datuen eta biometriaren erabilera

“Azterlanek ikuspegi praktikoa dute, eta honako premisa hau dute abiapuntu: biometriak ez ditu arriskuan jarri behar pertsonen oinarrizko eskubideak, eta, aldi berean, lagundu egin dezake biometrikoak ez diren identifikazio-metodoen mugapenetatik babesten”, azaldu dute liburuaren zuzendariek. “Legediak identifikazio biometrikoko sistemak erabiltzea baimentzen du, horiek baitira pertsonen egiazko (eta ez ustezko) identitatea bermatzen duten bakarrak. Gainera,pribatutasuna diseinutik lehenetsiko duten teknologia biometrikoen ezarpenak — erreferentzia biometriko berriztagarrietan oinarritutakoak, esaterako —, gure gizartean gizakian oinarritutako adimen artifizial fidagarri eta segurua ezartzea erraztuko du», ondorioztatu dute.

Liburuak hainbat alderdi aztertzen dituzten 13 kapitulu ditu. Lehen hiru kapituluek adimen artifizialaren araubide juridikoa aztertzen dute ikuspegi orokor batetik. Liburuaren muina osatzen dute 4.etik 8.era bitarteko kapituluek (aztergai dituzte biometriaren lege-araudiaren hainbat alderdi) eta 12. eta 13. kapituluek (Frantziako eta Italiako egoeraren berri ematen dute). Azkenik, 9., 10. eta 11. kapituluek aztergai dute adimen artifizialaren, datuen eta biometriaren erabilera administrazio publikoen esparruan.