Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Prometeus programak belaunaldien arteko boluntariotzako esperientzia bat garatu du ikasturte honetan. Esperientzia horren bidez, laguntza akademikoa eman zaie zaurgarritasun egoeran dauden bigarren hezkuntzako ikasleei. Ekimenean parte hartu dute Aulexnako (NUPeko Esperientzia Gelako Ikasle eta Ikasle Ohien Elkartea)  bi boluntariok. César Blanco Álvarezek (ingeniaria) eta Henry Pattersonek (ingeniaria eta ingeleseko irakaslea) Matematikako eta Ingeleseko errefortzu eskolak eman dituzte. Iruñeko Plaza de la Cruz BHIko eta Julio Caro Baroja BHIko 33 ikaslek parte hartu dute jardueran.

zoom Ezkerretik eskuinera, goiko lerroan: Ekaitz Irujo (Prometeus programako teknikaria), César Blanco eta Henry Patterson (Aulexnako boluntarioak) eta Irune Ansa (Prometeus programako teknikaria). Beheko lerroan: Zuny Alexandra Leal, Nerea Cacha, Arabelis Rodríguez eta Enzo Pezzini (Prometeus programako parte-hartzaileak).

Ezkerretik eskuinera, goiko lerroan: Ekaitz Irujo (Prometeus programako teknikaria), César Blanco eta Henry Patterson (Aulexnako boluntarioak) eta Irune Ansa (Prometeus programako teknikaria). Beheko lerroan: Zuny Alexandra Leal, Nerea Cacha, Arabelis Rodríguez eta Enzo Pezzini (Prometeus programako parte-hartzaileak).

Prometeus programako saioak Unibertsitatearen instalazioetan egin dira. Estrategia hori diseinatu da laguntza akademiko pertsonalizatua eskaintzeaz gain unibertsitateko ingurunea ikasle parte-hartzaileei hurbiltzeko, haiek erakundea hobeki ezagutzeko eta konfiantza izan dezaten etorkizunean goi mailako ikasketak egiten ahalko dituztela. 2025-2026 ikasturtean, eskolak ematen jarraituko dute, eta belaunaldien arteko ekimen honetan parte hartzen duten boluntarioen kopurua handituko da.

Institutuan hasi eta laneratu arte

Prometeus Programa  lau fasetan garatzen da, institutuan hasi eta laneratu arte, eta haren xedea da egoera zaurgarrian dauden gazteei laguntzea bai unibertsitatean sartzen bai bertan irauten, kontuan hartuta  prozesu hori baldintzatzen ahal duten faktore sozioekonomikoak, hala nola migratzea edo landa-eremuan bizitzea, ekitatea sustatzeko eta hezkuntza arloko desparekotasunei aurre egiteko.

Programaren lehen fasea institutuan garatzen da, non bigarren hezkuntzako ikasleak (DBH eta Batxilergoa) informatu, aholkatu eta motibatzen baitituzte unibertsitaterako sarbideari buruz (modu pilotuan hasi da Plaza de la Cruz institutuan eta Caro Baroja institutuan). Bigarren faseak, trantsizio fasea deiturikoak, institutua amaitzen denetik goi mailako ikasketetara sartu arteko laguntza eta presentzia biltzen ditu, eta ikasleek unibertsitatean sartzeko erabiltzen dituzten hezkuntza-ibilbideen aniztasuna kontuan hartzen du, baita Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloetako ibilbideak ere. Hirugarren fasean, ikasleak jada NUPen daudenean, banakako laguntza ematen zaie, zeharkakoa eta pertsona bakoitzaren behar eta eskaeretara egokitua, eta esparru akademikoan, pertsonalean eta emozionalean laguntzen zaie. Azkenik, programak aurreikusten du goi-mailako ikasketak amaitzen dituztenean laneratze faserako laguntza ere ematea graduatzen direnei.

Prometeus programak Europar Batasunaren (Europako Gizarte Funtsa +) eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiaren finantzaketa du, eta lankidetza-hitzarmen bat sinatu da harekin.