Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ISFOOD Institutuko  ikertzaile talde bat esnetarako behi aziendaren ganadutegi nafarren jasangarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko proiektu batean ari da parte hartzen. Helburu nagusia da kaseinen (esnean nagusi diren proteinak) eta zelula somatikoen (behien errapeen osasun egoeraren adierazlea) informazio genetikoa erabiltzea proteina osaera eta gaitasun teknologiko berezitua duen esnea lortzeko, esne horrek gazta bihurtzeko prozesua eta animalien ongizatea optimiza ditzan. Olaia Urrutia Vera irakaslea ari da lana koordinatzen, eta Albaikide enpresarekin lankidetzan ari dira garatzen.

zoom Ezkerretik eskuinera: Iker Urdaniz, Olaia Urrutia, Beatriz Soret, Lucía Jiménez-Montenegro, Josean Mendizabal, Miren Sagarzazu eta Irache Echeverría, NUPeko campusean.

Ezkerretik eskuinera: Iker Urdaniz, Olaia Urrutia, Beatriz Soret, Lucía Jiménez-Montenegro, Josean Mendizabal, Miren Sagarzazu eta Irache Echeverría, NUPeko campusean.

EFICAS proiektua (“kaseinen eta zelula somatikoen informazio genetikoa modu efizientean erabiliz ganadutegien lehiakortasuna eta jasangarritasuna handitzea” hitz multzoaren akronimoa) Nafarroako 2023-2027 aldiko Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoko nekazaritza berrikuntzako lankidetza proiektu pilotuetarako laguntzen barruan dago. “Esnetarako behi-aziendaren sektoreak garrantzi handia du Foru komunitatean ekonomiari, enpleguari eta landa-ingurunearen zainketari egiten dion ekarpenagatik, baina egoera sozioekonomiko zailean dago etekinak jaitsi direlako, esnearen prezioak geldi daudelako, sargaien kostuak handitu direlako, ganadutegien kopurua jaitsi delako eta belaunaldien arteko erreleborik ez dagoelako. Beste arrazoi batzuen artean, dibertsifikazio txikiak eta animalien osasunarekin eta ongizatearekin lotutako kostuek ere badute eragina egoera horretan”, proiektuko ikertzaileen arabera.

Ildo horretan, EFICAS proiektuaren helburua da “esnetarako behi-aziendaren etxaldeek lehiakortasunaren eta jasangarritasunaren arloan erronkei irtenbideak ematea eta ganadutegiak indartzen laguntzea, eta, ondorioz, ingurumena zaintzen eta biztanleek landa ingurunean segi dezaten laguntzea, animalien osasuna eta ongizatea hobetzeaz gain, sektoreari aplikatutako berrikuntzaren bidez”, laburbiltzen du Olaia Urrutia ikertzaileak.

Animalien aukeraketa genetikoa

José Antonio Mendizabal Aizpuru katedradunak zuzentzen duen Animalia Ekoizpena, Nutrizioa eta Elikagaien Zientzia ikerketa-taldea ari da ikerketa egiten, eta bi ildo osagarri ditu. Horietako baten xedea da aldagai genetiko zehatz bat duten animaliak aurkitzea. Aldagai hori k-kaseinarentzako BB genotipoa da, gatzagia sortzeko duen gaitasunean eragin zuzena duen eta esnean nagusi den proteina bat. Gatzagia ezinbestekoa da gazta egiteko. Aldagai hori gaitasun teknologiko hobearekin lotzen da, esnea eraldatzeko prozesuan errendimendu eta kalitate hobea lortzen laguntzen baitu. Ezaugarri genetiko hori duten animaliak aukeratuz, gazta-ekoizpena optimizatu eta esne-ustiategien errentagarritasuna hobetu nahi da kalitate berezituko produktu bat lortzen baita horrela.

Beste lan ildoak aztergai du behien mastitisaren prebentzioa teknika molekularren bidez, ganaduaren errapeei eragiten dien eta ekoizpenean, esnearen kalitatean eta animalien ongizatean ondorioak dituen gaixotasun horren diagnostiko zehatz eta goiztiarra egin ahal izateko. Alde horretatik, taldeak esnearen mikrobioma ikertzen du, hau da, dauden mikroorganismoen multzoa, haien geneak eta ingurunearekin dituzten elkarreraginak. Kasu horretan, aztergai da nola aldatzen duen mastitisak oreka hori (disbiosia), nola murrizten duen biodibertsitatea eta areagotzen mikroorganismo patogenoen presentzia, onuradunak urrunduz.  Desoreka hori lotuta dago zelula somatiko gehiago izatearekin, esnearen kalitate eta kantitate txikiagoarekin eta ganaduaren osasunarekiko eragin txikiagoarekin.

Horretarako, NUPeko ikertzaile taldea esnearen mikrobiomaren analisi genetikoa egiten ari da, Nafarroako esnetarako behi aziendaren etxaldeetan zer mikroorganismo dauden eta zein dauden mastitisari lotuta identifikatzeko; gainera, animalien geneen adierazpenaren analisiaren bidez, lanean ari dira infekzioari erantzuteko biomarkatzaileak identifikatzeko. Lortutako emaitzetan oinarrituta, prebentzio-estrategia zehatzagoak eta eraginkorragoak garatzen laguntzea espero da, mastitisaren kudeaketa eraginkorragoa ahalbidetzeko.

Honako hauek osatzen dute proiektuan parte hartzen duen NUPeko ikerketa taldea: Irache Echeverría, José Antonio Mendizabal, Beatriz Soret, Iker Urdaniz eta Olaia Urrutia. Orobat laguntzen ari dira, Albaikide enpresaren aldetik, Jorge Eseverri, Lucía Jiménez-Montenegro, Juan Manuel Loste eta Miren Sagarzazu.