Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP)Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egiten ari diren ikasleek beren proiektuak aurkeztu dituzte Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroan (CEIN), Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren mendeko sozietate publikoan.  Ekitaldia LUCE programaren esparruan egin da ( Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategia). Programa horrek CEINekin lotzen du Nafarroako erakunde akademikoa. Proiektuek aztergai dituzte osasuna, gauzen internet (IoT) eta jasangarritasuna.

zoom NUPeko ikasle, epaimahaikide eta irakasleak eta agintariak CEINen aurkezpenaren ondoren.

NUPeko ikasle, epaimahaikide eta irakasleak eta agintariak CEINen aurkezpenaren ondoren.

Ekitaldian izan dira Mikel Irujo Amezaga Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria eta Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, eta hamabi ikaslek egindako lau proiektu aurkeztu dira. Osasunaren arlokoa da proiektu kopuru handiena.  Lehenengo proiektuaren izenburua Teravita da, eta prozedura kirurgikoak zein biopsia diagnostikoak hobetuko dituen konponbide integral bat eskaintzea du xede, berehalako emaitza zehatzak emateko helburuarekin.   Horretarako, terahertzen teknologia (THz) ez-ionizatzailea erabiltzen da sare neuronalekin batera.

Osasunarekin lotutako bigarren proiektuak Wirent du izenburua. Produktu horrek berrikuntza dakar hari gabeko sistema baten bidez erregistro bioelektrikoko prozedura tradizionalak eraldatzera bideratutako monitorizazio klinikoaren esparruan.  Horrela, pazienteari jarritako elektrodoen eta erregistro-unitatearen arteko kable-mendekotasuna ezabatzen da.

Digitalizazioa ardatz duen sektorean, Smart Cooler Certify proiektua dago. Prozesu logistikoaren etapa bakoitzean hotz katea denbora errealean monitorizatzeko diseinatutako plataforma bat sortu du proiektuak. Horri esker, produktuaren osotasuna eta nazioarteko araudiak betetzen direla ziurtatzen da. Horretarako, soluzio teknologiko integral bat sortu da, denbora errealeko analisirako plataforma digital bat eta gauzen Interneteko (IoT) teknologian oinarritutako sentsorizaziorako hardware propio bat  konbinatzen dituen gailu baten bidez.

Azken proiektuak Sonogarbi du izena, eta edateko uraren mikroplastikoen arazoa modu erraz, eraginkor eta moldagarrian konpontzea du helburu. Horretarako, teknologia akustikoan oinarritutako aurreiragazte-modulu bat garatzera bideratutako sistema bat sortu da, uraren mikroplastikoak taldekatzeko gai dena, errazago bereizteko.

Sormen saioak

Garapen horiek guztiak egin dira IKT Proiektuen Zuzendaritza eta Kudeaketa II irakasgaiaren barruan. Ignacio R. Matías Maestro NUPeko katedradun eta erakunde akademikoko zenbait “spin-off” enpresaren sustatzaileak ematen du irakasgaia. Gainera, CEINek hainbat sormen saio eman dizkie masterrean parte hartzen duten ikasleei berrikuntza sustatzeko, arazoak identifikatzen eta konpontzen laguntzeko eta zenbait trebetasun garatzeko, hala nola irudimena, pentsamendu kritikoa eta malgutasun mentala.

Horrela, ikasleei sormen-prozesuen garapenean laguntzen zaie, enpresa-proiektu baten oinarri izan daitezkeen ideiak sortzeko helburuarekin. Ikasturtean zehar, enpresa plana garatu da, eta gero CEINen instalazioetan aurkeztu eta ebaluatu da. Honako hauek osatu dute ebaluazioa egin duen epaimahaia: Lucía Nieto Sádaba CEINeko ekintzailetza teknikaria; Santiago Lozano Manterola CLAVE Capitaleko kidea eta funtsen zuzendaria eta Cristina Pascual Morrás SODENAko proiektu teknikaria.