Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak “Lugares de Interés Geológico de Navarra” liburua berrargitaratu du. Liburuak 518 orrialde ditu, eta ibilbide zehatza egiten du balio zientifiko, didaktiko eta dibulgaziozkoa duten Foru Komunitateko 114 gune geologikotan barrena. Francisco Sanz Morales Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta geologoak egin du liburua, eta Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak aurretik bultzatutako lanak eguneratu eta zabaldu ditu. Hain zuzen ere zuzendaritza horren Kartografia, Topografia eta Geodesia Atalean egin dute edizio berria.
Zehazki, liburuak jarraipena ematen dio José María León Nafarroako Gobernuko geologoak egindako lanari, “bere ezagutza eskaini eta ahalegin handia egin baitu proiektua aurrera ateratzeko”, azpimarratu du Sanz Moralesek.
Bai profesionalek bai interesa duen edonork kontsultatzeko moduan egituratuta dagoen informazio geologikoa eskaintzen du liburuak. Egileak azaldu duenez, monografiak “Nafarroako ondare geologiko handia nabarmendu nahi du”, eta “inguratzen gaituen guztiari zentzua ematen lagunduko duen beste aletxo bat izan nahi du”. Halaber, nabarmendu du ez dela gida turistiko bat, baizik eta “zaindu eta babestu beharreko” guneen bilduma bat.
Liburua norentzat den
Informazioa biltzeko eta liburua idazteko prozesuak bi urteko iraupena izan du tartean etenaldiak eginda. Denbora horretan zehar, egileak leku bakoitza zeharkatu, argazkiak atera eta dokumentatu du, informazioa modu grafiko eta eskuragarrian aurkezteko asmoz, ingurune naturalean lan egiten dutenentzat edo interesa dutenentzat: teknikariak, natura-gidak, interpretazio-zentroak, bai eta ikastetxeetako ikasle eta irakasleak ere, bereziki DBHkoak eta Batxilergokoak.
Liburuak Nafarroako hainbat unitate geologikori buruz dihardu, hala nola Ipar Pirinioak, Hego Pirinioak, Iruñerria, Euskal-Kantauriarra, Ebroko sakonunea edo Iberiar mendikatea. 114 guneetako bakoitzak fitxa bat du, eta bere balio zientifikoa, hezkuntza arlokoa eta dibulgazioaren arlokoa jasotzen ditu, bai eta datu praktikoak ere, hala nola kokapena, sarbideak, mapa geologikoak, argazkiak eta interes geologikoko leku gisa nabarmentzen duten ezaugarriei buruzko informazio laburtua.