Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) Foru Komunitatean haur eta gazteen suizidioa prebenitzeko eredu berritzaile baten garapenean ari da parte hartzen. Eredu horrek arriskuak garaiz detektatzeko adimen artifiziala eta esku-hartze psikosozialeko programak uztartzen ditu. Proiektu hori, Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuarekin (IdiSNA) eta Burgosko Unibertsitatearekin lankidetzan garatua, Mutua Madrileña Fundazioaren Ikerketa Medikorako Laguntzen XXII. deialdian aukeratu dute, eta Fundazioak 130.000 euro baino gehiago eman dizkio.


Proiektuko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Pablo Ruisoto, Sara Oneca, Almudena Sánchez Villegas, Cédric Marco, Alcibíades Segundo Díaz, Jaime Andrés Rincón eta Gonzalo Luis Alonso, NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean.
“Eredu horrek adimen artifizialean oinarritutako detekzio goiztiarreko tresnak konbinatzen ditu, ingurune digitaletan eredu emozionalak eta portaera-ereduak aztertuko dituztenak, nerabeei, haien familiei eta hezkuntza-komunitateari zuzendutako esku-hartze psikosozialekin”, azaldu du Alcibiades Segundo Díaz Vera proiektuaren koordinatzaile, Osasunbideko mediku, IdiSNAko ikertzaile eta NUPeko Osasun Zientzien Departamentuko Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko irakasle elkartuak.


Mutua Madrileña Fundazioaren laguntza jasotzen. Ezkerretik eskuinera: Ignacio Garralda, José Manuel Ribera, Alcibíades Segundo Díaz eta Rafael Matesanz, Madrilen.
Ikerketak, gainera, aurreikusten du ikastetxeetan hezkuntza emozionalari eta erresilientziari buruzko tailerrak abian jartzea, baita irakasleentzako, familientzako eta osasun-arloko profesionalentzako prestakuntza-ekintzak ere. “Espero dugu azterlanak ekimen honetan parte hartzen duten nerabeen pentsamendu suizidak eta suizidio saiakerak gutxienez % 20 murrizten laguntzea. Era berean, ikastetxe eta osasun-zentroek alerta goiztiarreko seinaleak detektatzeko eta arrisku-egoeren aurreko erantzuna optimizatzeko duten gaitasuna indartuko du”, adierazi du Díaz Verak.
Ekimenaren helburuetako bat da, halaber, laguntza-ingurunea sustatzea, osasun mentaleko arazoei lotutako estigma murriztea eta eskualde- eta estatu-mailan aplikatzen ahal diren prebentzio-estrategiak garatzeko oinarriak ezartzea.
Proiektuko ikertzaileak
Zenbait erakundetako kideek osatzen dute ikerketa-taldea. NUPen aldetik, honako hauek parte hartzen dute: Almudena Sánchez Villegas, Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko katedradun eta Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa; Pablo Ruisoto Palomera, Osasun Zientzien Saileko Psikologiako irakasle titularra; Gonzalo Luis Alonso Salinas, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kardiologo eta Osasun Zientzien Saileko Kardiologiako irakasle elkartua; eta Cédric Marco Detchart, Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko Konputazioaren Zientziako eta Adimen Artifizialeko irakasle eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea. Taldeko kideak dira orobat Jaime Andrés Rincón Arango Burgoseko Unibertsitateko Digitalizazio Saileko Konputazioaren Zientziako eta Adimen Artifizialeko irakasle eta GICAP taldeko kidea (taldea adimen artifizial eta konputazional aplikatuan dago espezializatuta; eta Sara Oneca de Miguel, osasun arloko psikologo orokor eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UHUN) doktoretzako ikaslea.
Ikerketa medikorako laguntzak
Edizio honetan, Mutua Madrileña Fundazioak 2,3 milioi euro bideratu ditu Espainia osoko hainbat ikerketa-zentrotan garatuko diren tratamendu medikoak hobetzeko 23 azterlan eta saiakuntza kliniko bultzatzera. Horien artean, badaude batzuk transplanteei, haurren gaixotasun arraroei, lesio traumatologiko larriei, onkologiari eta haur eta gazteen osasun mentalari buruzkoak, bederatzi autonomia-erkidegotako hemezortzi zentrotako ikerketa-taldeen artean hautatuak. Sortu zenetik, deialdi horrek 72,5 milioi euro baino gehiago bideratu ditu Espainiako ikerketa medikora.
Alcibiades Segundo Díaz Verak joan den astean jaso zuen laguntza Madrilen ikerketaren ardura duen taldearen ordezkari gisa. Honako hau da ikerketaren izenburua: “Haurren eta gazteen suizidioaren prebentzioa aro digitalean: detekzio goiztiarra eta laguntza psikosoziala”. Honako hauek izan ziren laguntza emateko ekitaldian: Ignacio Garralda Ruiz de Velasco Mutua taldeko eta Mutua Madrileña Fundazioko lehendakaria; Rafael Matesanz Acedos Mutua Madrileña Fundazioko Batzorde Zientifikoko lehendakaria; eta José Manuel Ribera Casado Medikuntzako Errege Akademia Nazionaleko (RANME) Geriatriako eta Gerontologiako kide oso eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Geriatriako katedradun emeritua.