Bigarren urtez jarraian, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) KIMUA ikerketa-taldeko irakasle talde batek prestakuntza eman die San Francisco ikastetxeko irakasleei, zientzia esperimentalei eta ingeniaritzari buruzko irakaskuntza-praktikak Lehen Hezkuntzan berriz diseinatu eta eguneratzeko. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak 2024-2025 Prestakuntza Planaren barrenean enkargaturiko OTRI transferentzia-kontratu bat da, eta jarraipena izanen du heldu den ikasturtean.


Prestakuntza eman duen NUPeko irakasle taldea, San Francisco EPko zuzendaritza-taldearekin batera. Ezkerretik eskuinera: Maribel Zudaire, Ion Navarro, Iosu Ihabar, Irantzu Uriz, Maite Martínez eta María Napal.
Prestakuntzaren helburua da ikastetxeko baliabideak erabiliz irakaskuntza-praktikak ikerketa- eta modelizazio-metodologietara egokitzea, hezkuntza-lege berrien ikuspegi konpetentzialari eta NGSS (Next Generation Science Standards) printzipioei jarraikiz. Horrek aukera ematen du ikasleek, eduki zientifikoak ez ezik, praktika zientifikoak ere lantzeko, eta, horretarako, trebetasun kritikoak eta analitikoak garatzeko esplorazioaren, arrazoiketaren eta argudiaketaren bidez. NUPeko lantaldearen arabera, irakasleei estrategia didaktikoak hobetzeko, eskuragarri dauden baliabideak optimizatzeko eta ikaskuntza aktiboa eta parte-hartzailea sustatzen duten jarduerak diseinatzeko aukera emanen die aholkularitza espezializatu horrek.
Ekimen honen koordinatzaileak honako hauek dira: Ion Navarro eta Iosu Ihabar, San Francisco EPko zuzendaritza-taldekoak, eta, KIMUA taldearen izenean, berriz, María Napal Fraile, Maribel Zudaire Ripa, Irantzu Uriz Doray, Maite Martínez Aldaya eta Iria Vázquez Urio ikertzaileak.
Lan-metodologia
Ikastaroaren metodologiaren oinarria unitate didaktikoak berriz diseinatzea da. Egungo praktikak aztertzen eta hobekuntza-arloak identifikatzen hasten da prozesua. Diagnostiko horretatik abiatuta, unitateen egokitzapena lantzen da, praktika zientifikoak eta kontzeptu zientifikoen ulermena integratuz, bai eta konexio transbertsalak ere, NGSS esparruak proposatzen duen moduan. Diseinua egin ondoren, praktikan jartzen dira unitate berriak, eta klaustroan dauden gainerako irakasleekin ebaluatzen dira, ikastetxean zientzia esperimentaletarako lan lerro komun bat eta jardunbide egokien gordailu bat sortzeko.