Uztailaren 2an hasi (asteazkena) eta uztailaren 4ra bitarte (ostirala), 32. Finance Forum kongresua egiten ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Espainian, erreferentziazko kongresua da finantzen ikerketaren esparruan, eta baita sektore horretako nazioarteko topaketa nagusietako bat ere. Hitzordu horretan, 25 herrialdetako 170 lagun elkartuko dira, nagusiki diziplina horretan espezializaturiko ikertzaileak. Diziplina horrek, hain justu, baliabide monetarioen kudeaketa eta inbertsioa ditu ardatz, balioa maximizatu eta erabakiak hartzean arriskuak txikitzeko helburuz.
Programan, arlo hauek landuko dira besteak beste: aktibo finantzarioen balorazioa (akzioak, bonuak eta deribatuak), finantza korporatiboak, banketxeak eta aktiboen kudeaketa, zorroen hautaketa, merkatuen mikroegitura eta finantzen erregulazioarekin eta egonkortasunarekin eta makrofinantzekin lotutako kontuak. Kongresuan, halaber, hizpide izanen dira beste ikerketa-lerro emergente batzuetako aurrerapenak, hala nola arrisku klimatikoaren analisiari eta arriskuarekiko esposiziorako forma berriak aztertzeari loturikoak.
Ideiak trukatzeko foroa
Kongresuaren helburua da ideia-trukea sustatzea, lankidetza akademikoa bultzatzea eta finantzei buruzko ezagutza zientifikoa garatzea. Antolatzaileak NUPeko Finantza Merkatuen ikerketa-taldea eta AEFIN Finantzen Espainiako Elkartea dira. Azken horrek arlo horretako ikerkuntza, irakaskuntza eta dibulgazioa sustatzen ditu.


Kongresuaren irekiera-ekitaldia. Ezkerretik eskuinera: Anna Toldrà (AEFINen presidentea), Martin Larraza (NUPeko errektoreordea) eta Ana González Urteaga (Kongresuaren Antolakuntza Batzordeko presidentea).
Unibertsitateaz gain, NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko INARBE Ikerketa Institutua ren eta Finantzen Espainiako Elkartearen bidez, finantzen sektoreko zenbait erakunderen babesa du topaketak, hala nola hauena: Finantza Sektorea aztertu eta ikertzeko Kantabriako Unibertsitateko Fundazioa (UCEIF), SANFI Fundazioa (Santander Financial Institute), Balioen Merkatuko Espainiako Batzordea (CNMV), Espainiako Burtsak eta Merkatuak (BME), Espainiako Bankua, Inbertsio Kolektiboen eta Pentsio Planen Instituzioen Elkartea (INVERCO) eta Market Portfolio Asset Management.
Irekiera-ekitaldi instituzionala
Kongresuaren irekiera-ekitaldia gaur egin da, osteguna, eta hauek hartu dute parte: Martín Larraza Kintanak (NUPeko Ikerketako errektoreordea), Anna Toldrà Simats (Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakasle eta AEFINeko presidentea) eta Ana González Urteagak (NUPeko katedraduna eta kongresuaren Antolakuntza Batzordearen program chair eta presidentea).
Doktoretzako ikasleentzako mentoretza
Antolaturiko jardueren artean nabarmentzekoa da “PhD-Mentoring Day” (Doktoretzako Mentoretzaren Eguna). Kongresua hasi aurretik egin zen, atzo (asteazkena), eta, hartan, beren ikerlanak aurkeztu zituzten AEFINek emandako bekak eskuratu dituzten doktoretzako hamasei ikaslek, eta orientazioa jaso zuten nazioarteko prestigioa duten ikertzaile batzuen eskutik.
Halaber, bi hitzaldi magistral nabarmentzen dira programan, unibertsitate estatubatuarretako zenbait ikertzailek emanak. Gaur Philipp Schnabl irakaslearen txanda izanen da; New Yorkeko Unibertsitatean aritzen da, eta aditua finantza-bitartekaritzan, politika monetarioan eta finantza korporatiboetan. Bihar, berriz, Turan G. Bali irakaslearen hitzaldia izanen da; Georgetown Unibertsitatean aritzen da, eta aditua aktiboen balorazioan, arriskuaren kudeaketan, errenta finkoko aktiboetan eta produktu eratorrietan.