Inés Saiz Serna Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Nazioarteko Graduko ikasleak irabazi du Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokion "Santander Excelencia 360º" beka. 12.000 euroko beka horrek espediente akademiko bikainak dituzten ikasleak saritzen ditu (batezbestekoa 8,5 baina altuagoa dutenak), betiere ikasturtean zehar prestakuntza osagarria egin badute. Zenbait unibertsitaterekin lankidetzan, Santander entitateak mota horretako 77 beka banatu ditu guztira Espainia osoan.
NUPeko ikasketak egin bitartean, ikasle saridunak Erasmus + mugikortasun programan hartu zuen parte –zehazki, ikasturte batez Txekiar Errepublikan ikasi zuen–, eta, aurreko seihilekoan, nazioarteko beste egonaldi bat egin zuen, Taiwanen. Gainera, curriculumetik kanpoko Erasmus praktikak egin zituen Pragan (Txekiar Errepublika), hain zuzen ere multinazional baten finantza-eraldaketa digitaleko departamentuan.
Unibertsitateko bizitzari dagokionez, ikasleak aktiboki hartu du parte zenbait arlotan: NUPek antolatutako kirol jarduerak (eskalada, konkretuki), hizkuntza-ikastaroak, zeharkako gaitasunen inguruko prestakuntzak eta irakurketa-kluba.
Inés Saizek nabarmentzen du ezen, arlo akademikoaz aparte, inportantea dela unibertsitateko bestelako jardueretan parte hartzea. Honako hau adierazi du: “Nire esperientziatik, unibertsitatean hartu dudan erabakirik onenetakoa izan da prestakuntza osagarrian parte hartzea. Gauzak ikasteko eta zenbait erronkari aurre egiteko aukera izateaz gain, jende gehiago ezagutzeko aukera ere eman dit, networking delakoa egiteko aukera izan dut, eta beste bide batzuk ere deskubritu ditut, zeinak ez bainituen esploratuko soilik eskoletara joan izan banintz.
Ikasleak animatu nahi ditut erronkak bila ditzaten, konfort-zonatik atera daitezen eta ikasgelaz kanpo dituzten mila aukerak aprobetxa ditzaten: hizkuntzak, boluntariotza, kirolak, mugikortasuna, praktikak, ikastaroak... Izan ere, horrek aukera ematen dizu hazteko, burua irekitzeko eta gero datorrenerako hobekiago prestatua egoteko.
Gainera, gaur egun geroz eta gehiago baloratzen da iniziatiba, jakin-mina eta egokitzeko gaitasuna izatea, eta aukera horiek baliatzeak aurrerapauso bat emanarazten dizute. Azken batean, ekintza osagarriek bereizten zaituzte besteengatik”.
NUPeko prestakuntza osagarria
NUPek aukera ematen du ikasleen garapen pertsonalari laguntzen dioten jarduerak egiteko, eta jarduera horien bidez, gainera, 24 ECTS lortzen ahal dira aukerako irakasgaien kredituen ordez baliokidetzeko. Hona hemen jarduera horietako batzuk: elkartasuneko eta lankidetzako jarduerak, jarduera kulturalak, kiroletakoak, hizkuntzen ikaskuntzakoak, ikasleen ordezkaritzakoak, zeharkako prestakuntzakoak eta arlo horretako eskumenak dituen errektoreordetzak zehazten dituenak.