Joan eduki nagusira

Honako hauek izan dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) “Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut” eskola-lanen lehiaketako sarien irabazleak: alde batetik, El Lago Mendillorri HLHIPko LHko bigarren mailako ikasle batzuk, “Yo quiero ser NEUROcientífica” lana egitegatik; eta, bestetik, La Compasión Escolapios ikastetxeko LHko bosgarren mailako Nahia Gironés Orduña, Margareth Hamiltoni buruzko bideo musikal bat egiteagatik. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. zikloetako modalitatea eta 3. ziklokoa irabazi dituzte, hurrenez hurren.

zoom premios científicas

Tailerrean parte hartu duten ikasle sarituak, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan.

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. zikloetako modalitatean, bi akzesit eman dira, sari nagusiaz gain. Lehenbizikoa Buñuelgo Santa Ana ikastetxeko LHko bigarren mailako ikasleek irabazi dute, eta bigarrena Mutiloako Irulegi ikastetxeko June Garaioa Agirre ikasleak. Lanen izenburuak “Entrevista a Valentina Tereshkova” eta “4Científicas” dira, hurrenez hurren.

Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko modalitatean ere bi akzesit eman dira. Lehenbizikoa Zizur Nagusiko Camino de Santiago ikastetxeko Inés Cobos Moure eta Marina Monreal Armendáriz ikasleek irabazi dute, “Quiero ser científica" lana egiteagatik; bigarrena Ablitasko San Babil ikastetxeko LHko seigarren mailako ikasle guztiek irabazi dute, “Podcast Somos Científicas” lana egiteagatik. Lehiaketaz kanpo, Jesuitinas ikastetxeko bost ikasle izan dira sarituak.

Sariak: tabletak, promozio-materiala, liburuak eta prestakuntza

Sari nagusia irabazi dutenek jostailu teknologiko bat jasoko dute. Gainerako saridunek NUPen “Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut” lehiaketari buruzko promozio materiala irabaziko dute. Gainera, irabazleen ikastetxeek liburu sail bana jasoko dute. Bestalde, bai sari nagusia bai akzesita irabazi duten ikasgelek aukera izan zuten sari-banaketaren egunean NUPen zientziari buruzko jardunaldi batez gozatzeko. Jardunaldian, 150 neska-mutilek hartu zuten parte. 

Auto eoliko baten tailerra egin zuten jardunaldian. Zehazki, bi taldetan egin zuten lan: batean, LHko lehenbiziko eta bigarren zikloetako ikasleak egon ziren, eta bestean, hirugarren ziklokoak, eta zeregina ibilgailu bat sortzea zen; ibilgailuaren zirkuitu elektrikoak helize bat mugitzen du, eta horri esker ibiltzen da ibilgailua.