Gaur eta bihar –ekainaren 19an eta 20an– Espainia osoko unibertsitatetako ehun bat arduradun bilduko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), CRUEren Irakaskuntzako IV. Jardunaldien esparruan. Jardunaldietan, arlo hauetan eskumenak dituzten errektoreordetzetako ordezkariak bilduko dira: ikasketa ofizialak, prestakuntza jarraitua, irakaskuntza, irakaskuntza-berrikuntza, antolamendu akademikoa eta kalitatea ziurtapena, besteak beste.


Hasierako ekitaldiko une bat. Ezkerretik eskuinera: Francisco García Pascual, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Unibertsitateetako idazkari nagusia; Ramón Gonzalo, NUPeko errektore; eta Juan Luis García Martín, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria.
Aurrekoetan bezala, topaketak espazio bat eskaini nahi du praktika onak partekatu eta eztabaida sortzeko, besteak beste honako hauei buruz: unibertsitateko prestakuntza duala, adimen artifizialak irakaskuntzan duen eragina eta mikrokredentzial unibertsitarioak. Egitarau osoa Unibertsitatearen webgunean dago eskuragarri, eta hartan azalduko dira bi egun hauetako mahai-inguruetan parte hartuko duten hizlari eta moderatzaileak.


NUPen egindako CRUEren Irakaskuntza Batzordearen Jardunaldietako parte-hartzaileak, Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikinean.
Jardunaldiak gaur hasi dira, ekainak 19, eta hasiera-ekitaldian honako hauek hartu dute parte: Ramón Gonzalo, NUPeko errektore eta CRUEren Irakaskuntza Batzordeko presidentea; Juan Luis García Martín, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; eta Francisco García Pascual, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Unibertsitateetako idazkari nagusia. Azken horrek eman du hasierako hitzaldia: “Egungo arau-testuinguruaren alderdi nagusiak Unibertsitatean; begirada bat etorkizunerantz”.
Adimen artifiziala, irakaskuntza duala eta mikrokredentzialak
Gaur arratsaldean hiru mahai-inguru eginen dira. Lehenbizikoa adimen artifiziala irakaskuntzan ezartzeko estrategiei buruzkoa izanen da. Hartan, AA sortzailea irakaskuntzan sartzearen ondorioz arlo horrek zer arazo dituen aztertuko da, baita adimen artifizial hori prozesu akademikoetan nola integratu daitekeen ere. Bigarren mahai-ingurua hamaiketakoa egin eta gero izanen da, eta, hartan, eredu duala, hau da, prestakuntza unibertsitarioa eta enpresetakoa uztartzen dituena erakunde akademikoetan ezartzeko modua landuko da.
Azkeneko mahai-inguruan, mikrokredentzial unibertsitarioen oraina eta etorkizuna jorratuko dira. Eskaintza mota horren garapenean funtsezkoak diren gai batzuk landuko dira, hala nola mikrokredentzialen kalitatea bermatzea, ziurtapen digitala eta enpleguen politiketan duten zeregina. Halaber, Europako funtsekin finantzatutako Microcreds plana martxan jartzeak unibertsitateei dakarkien erronkari ere helduko zaio.
Jardunaldiak ekainaren 20an amaituko dira, ostiralarekin, eta nazioarteko irakaskuntza-tituluei eta Europako irakaskuntza-lankidetzari buruzko mahai-inguru bat egonen da. Hartan, nazioarteko baterako tituluen zenbait proiekturen ordezkariak bilduko dira, gaia Espainian nola dagoen eta epe labur eta ertainean zer aurreikuspen dagoen aztertzeko. Ondoren, CRUEren Irakaskuntza Batzordearen osoko bilkura eginen da, eta, azkenik, ondorioak eta jardunaldien amaiera.