Joan eduki nagusira

Duela gutxi, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Tuterako campusean, Nekazaritzako Elikagaiei buruzko Iberus Jardunaldiak egin dira. Erakunde akademikoko Nekazaritzako Elikagaien Katearen Berrikuntzarako eta Jasangarritasunerako Ikerketa Institutuak (ISFOOD)  eta Campus Iberusek , Ebro Ibarreko Nazioarteko BIkaintasun Campusak antolatu dituzte jardunaldiak. Jardunaldiek nekazaritzako elikagaien arloarekin lotutako ikerketa, lanbide eta irakaskuntza esparruko 55 lagun bildu dituzte, eta mikrobiotaren azterketan zentratu dira, ingurune espezifiko batean bizi diren mikroorganismoen multzoa (bakterioak, birusak, onddoak eta protozooak), adibidez, giza hesteetatik laborantzako lurreraino. Zehazki, elikagaiei, landare eta animalia ekoizpenari eta gizakien osasunari lotutako hainbat testuinguru aztertu dira.

zoom Campus Iberuseko nekazaritzako elikagaiei buruzko jardunaldietako parte-hartzaileak Tuterako campusean.

Campus Iberuseko nekazaritzako elikagaiei buruzko jardunaldietako parte-hartzaileak Tuterako campusean.

Saioetan, mikrobiotari buruzko mahai tematikoetan bildutako hainbat ikerketa ezagutarazi dira lau eremutan (giza nutrizioa, animalia-ekoizpena, elikagaiak, lurzoruak eta landare-ekoizpena), horien artean, NUPeko lau ikertzailerenak.

Hala, Idoia Labayen Goñi katedradun eta ISFOOD Institutuko zuzendariak azaldu ditu aldizkako barauak gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonengan dituen ondorioei buruzko ikerketa baten emaitzak, zehazki, hesteetako mikrobiotaren konposizioan eta erritmo biologikoan dituen ondorioak. Faktore horiek gantza gibelean pilatzearekin (gibeleko esteatosia) eta odoleko glukosaren kontrolarekin duten lotura ere aztertu du bere ikerketak.

Esnearen mikroorganismoak

Animalia ekoizpenaren arloan, Beatriz Soret Lafraya ISFOOD Institutuko ikertzaileak EFICAS proiektua aurkeztu du. Olaia Urrutia Vera irakasleak zuzendu du eta NUPeko Animalia Ekoizpena, Nutrizioa eta Elikagaien Zientzia taldeak garatu du, Albaikide enpresarekin lankidetzan. Lanaren helburua da Nafarroako esnetarako behi-azienda duten ganadutegien jasangarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea, esnearen proteinetatik (kaseinak) eta zelula somatikoetatik (errapeetan infekzioa dagoenean handitzen dira) lortutako informazio genetikoa erabiliz, esnearen gaitasun teknologikoa hobetzeko, gaztaren errendimendua eta animalien ongizatea handituz. Azterlanaren ikuspegi nagusietako bat da esnearen mikrobioma aztertzea (mikroorganismoen multzoa, haien geneak eta dauden ingurugiroarekin dituzten elkarreraginak), mastitisa garaiz diagnostikatzeko eta prebenitzeko tresna molekular errentagarriak inplementatzeko. Mastitisa inflamazio bat da, esnetarako behi-aziendaren errapeei eragiten diena, eta ganadutegien errentagarritasuna eta animalien ongizatea baldintzatzen ditu.

Elikagaien berrikuntzaren arloan, Juan Maté Caballero katedradun eta ISFOOD Institutuko idazkariak partekatu ditu zuzentzen duen ikerketa-taldeak (Teknologia, Elikagaien Kontrola eta Segurtasuna - ALITEC) Japoniako teknika tradizionaletan oinarritutako hartzidura berrietan egindako aurrerapenak. Lan ildoetako bat kombucha erabiltzea da, ez edari gisa, ozpinetan dauden barazkiak kontserbatzeko likidoaren ordezko gisa baizik. Beste lan ildo bat shio-kojiaren garapenean oinarritzen da, umami zapore naturala duen hartzidura bat, glutamatoaren ordez erabil daitekeena zaporea indartzeko. Idoya Fernández Pan ISFOOD Institutuko ikertzailea ari da garatzen bi lan ildoak.

Lurzoruaren azal bizia

Azkenik, Ana Giraldo Silva NUPeko Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutuko (IMAB)  Ramón y Cajal ikertzaileak aztergai izan ditu lurzoruko biozoldak, lurzoru idorren azaleko geruza osatzen duten mikrobio-egiturak (“azal bizia”, hizlariak definitu duen bezala). “Higaduraren aurkako hesi naturalak dira, ur eta mantenugai gutxiago galtzen dituzte, eta karbonoa eta nitrogenoa finkatzen laguntzen dute”, azaldu duenez. Ponentziak azpimarratu du balio ekologikoa duela degradatutako lurzoruak lehengoratzeko tresna gisa, eta aukera dagoela horiek aplikatzeko abandonatutako nekazaritza-eremuetan, desertifikazioa jasan dezaketen eskualdeetan edo eragin handiko giza jarduerak jasan ditzaketen eskualdeetan (eraikuntza, birsortzea, entrenamendu militarra), bai eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko estrategietan ere.

Campus Iberuseko lau unibertsitateetako (Errioxa, Lleida, NUP eta Zaragoza) eta CITA (Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Zentroa), NEIKER (Nekazaritzako Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea) eta IA2 (Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Institutua) bezalako ikerketa zentroetako ikertzaileek parte hartu dute jardunaldietan.

Kataluniako, Errioxako, Aragoiko eta Nafarroako gobernuek finantzatu dute ekimena, irakaskuntzaren eta zientziaren bikaintasuna eta unibertsitate-sistemaren nazioartekotzea bultzatzeko eta sendotzeko eta Ebro ibarreko eragileekin lankidetza-harreman berriak sortzeko.