Joan eduki nagusira

María Lasanta Palacios Errioxako Unibertsitateko irakasle eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoreak NUPeko Doktoretza Tesien IX. Jaime Brunet Saria jaso du “Europako eskuin erradikaleko alderdien  irain- eta gorroto-diskurtsoa” lanarengatik (2023). NUPeko Carmen Innerarity Grau irakasleak zuzendu du lana. Saria Jaime Brunet Fundazioak ematen du (Nafarroako Unibertsitate Publikoan, NUPen, du egoitza). Sariak 2.000 euro ematen ditu, eta lana argitaratzeko aukera. Bere helburua da giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin harreman zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatestea.

zoom María Lasanta, berak utzitako irudi batean.

María Lasanta, berak utzitako irudi batean.

Egile sarituak azaltzen duenez, bere lanak aztergai du Europako eskuin erradikaleko hamar alderdiren diskurtso oldarkorra, zeina agerikoa izan baitzen 2016tik 2019ra bitartean egindako legegintzako hauteskunde nazionaletan. Errefuxiatuen krisiaren ondorengo urteak ziren. Europako Kontseiluaren ikuspegitik egin da ikerketa. Europako Kontseilua eskualdean giza eskubideak defendatzeko ardura duen erakunde nagusia da. “Erakunde horrek adierazpen askerako eskubideak babestutako irain-diskurtsoa eta gizarte demokratiko batean onargarria denaren mugak gainditzen dituen gorroto-diskurtsoa bereizten ditu”, azaldu du María Lasantak.

Bereizketa horren jakitun, “familia horretako alderdiak ahalegintzen dira muga horiek gainditzen hainbat estrategia erabiliz, beren diskurtsoa errespetagarritasun demokratikoaz apainduz, funtsean baztertzailea bada ere”, erantsi du. “Diziplinarteko azterlan horrek tresnak eman nahi dizkie eragile zibil eta politikoei, diskurtso oldarkorra eta gorroto-diskurtsoa identifikatzeko, hari aurrea hartzeko, kontuak emateko eta jokabidearen autoerregulazioa lortzeko”, adierazi du.

Sarituaren curriculum laburra

María Lasanta Palacios (Errioxa, 1995) Psikologian graduatua da Salamancako Unibertsitatean, Soziologian graduatua Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean eta Zientzia Politikoan eta Administrazioaren Zientzian graduatua unibertsitate berean. NUPeko Gizarte Moderno Aurreratuetako Aldaketa Dinamiketako Masterra egin zuen, eta unibertsitate berean lortu zuen Soziologiako doktoretza. Doktoretza egin bitartean ikerketa-egonaldi bat egin zuen Paris-1 Panthéon Sorbonne Unibertsitatean (Paris, Frantzia), eta NUPeko Gizarte Ikerketa Aurreratuko Institutuko kidea izan zen (I-COMMUNITAS).

Bere ikerketa-ildo nagusiak zentratzen dira diskurtso politikoaren analisian, gutxiengoen eskubideetan, adierazpen-askatasunean eta kulturartekotasunean. Bere ikerketa-lanean, zenbait proiektutan parte hartu du, eta aipatzekoa da “Arrazismoa eta xenofobia Nafarroan” izeneko proiektuan ikertzaile nagusi gisa egin duen lana. Nafarroako Parlamentuaren eta Iruñeko UHUNren zentro elkartuaren arteko hitzarmenaren emaitza izan da proiektua.  Orobat hizlaria izan da Espainiako eta nazioarteko zenbait jardunalditan, eta zenbait argitalpen ditu lehen aipatutako gaietan. Egun, Soziologiaren arloko irakaslea da Errioxako Unibertsitatean.