Joan eduki nagusira

María Chivite Nafarroako lehendakariak, Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektoreak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak behin betiko onetsi dute NUPeko campuseko udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) eta Iruñeko Udal Planaren arteko hirigintza-koordinaziorako hitzarmena. Akordio horri esker NUPeko UGPSa berrikusiko da, zeinak unibertsitatearen ingurunea biziberritzea, etxebizitzak eraikitzea eta ingurunean berdeguneak garatzea baitu xede.

Hitzarmena sinatu eta Gobernu bilkuran eta Iruñeko Udaleko eta NUPeko organo eskudunetan onetsi ondoren, Jarraipen Batzordearen bilerarako deialdia eginen da. Batzorde hori Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko ordezkari batek (batzordeburua izanen da) eta Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiko, Iruñeko Udaleko eta NUPeko kide batek osatuko dute. Organo horretan, tartean dauden administrazioen arteko koordinazio egokia eskainiko da UGPSa garatzeko. 

zoom Unibertsitateko ingurunea berrantolatzeko proposamena.

Unibertsitateko ingurunea berrantolatzeko proposamena.

“Hitzarmena sinatzean emandako pausoari esker, 1990eko hirigintza-antolaketa desblokeatzen ahalko da (sei aldaketa egin zaizkio onetsi zenetik), bai hiriaren eta bai unibertsitatearen beraren behar berrietara egokitzeko. Bestelako begiratu bat eman eta lurraldea antolatzeko politika berri bat aplikatzea da kontua, Iruñearentzat hain enblematikoa eta garrantzitsua den espazio bat berreskuratzeko”, adierazi du Nafarroako Gobernuak.

Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren eta Galarko eta Arangurengo udalen elkarrizketari eta adostasunera iristeko borondateari esker egin eta sinatu da hitzarmena”. Helburua da “Nafarroako hiribururako sarbideetako bat duintzea”. Horri esker, gainera, unibertsitateko campusa hirian integratuko da, zentraltasuna emanen zaio eta hiri-garapen ordenatua bultzatuko da.

Plan jasangarria eta bizitegitarako

NUPeko UGPSaren jarraibideek 1,2 milioi metro koadrori eragiten diete.  Aurreikuspena da 33.000 metro koadro baino gehiago erabiltzea berdegunetarako, eta 25.000 inguru bizitegitarako. Unibertsitateko campusak 20.000 metro koadro baino gehiago lortuko ditu kosturik gabe, irakaskuntza- eta ikerketa-beharrak asetzeko.

UGPSari esker hiria eta unibertsitateko campusa lotuko dira, eta lotura horrek helburu bikoitza du: Arrosadiko bizitegi-garapena NUPeko erdigunerantz hedatzea, eta Sadar ibaiaren hegoaldean berdeguneak garatzea, irisgarriak izanen direnak eta ibai-korridorearekin konektatuta egonen direnak, klima-aldaketara egokitzeko irizpideekin. 

NUPeko UGPSaren giltzarrietako bat da mugikortasun-plan bat garatzea, Arrosadiko campusera egunero joaten diren 11.000 lagun baino gehiago modu jasangarrian sartzea ahalbidetuko duena. Mugikortasun-plan hori tartean dauden administrazio publiko guztiek sinatutako hitzarmenaren barruan dago.