Joan eduki nagusira

Aurkeztu diren ikasleen % 97,92k gainditu dute Unibertsitatean Sartzeko Proba (USP) 2024-2025 ikasturteko lehen deialdian. Aurreko urtean, matrikulatutakoen % 98,41ek gainditu zuten proba. Nahitaezko fasean matrikulatutako 3423 ikasleetatik, 71 baizik ez dira proba gainditu ez dutenak, eta 12 ez aurkeztea erabaki dutenak. Joan den urtean 7 ziren ez aurkeztea erabaki zutenak (gainditu dutenen ehunekoa aurkeztu direnen arabera kalkulatzen da).

Hizkuntzen arabera, G eta A ereduetan (gaztelania) ikasketak eginik nahitaezko fasean matrikulatu ziren 2605 ikasleen artetik, 2594 aurkeztu ziren eta 2541 izan dira proba gainditu dutenak. Hori % 97,96 da (joan den urtean % 98,31 izan zen). Bestalde, nahitaezko fasean matrikulatutako D ereduko (ikasketak euskaraz) 818 ikasleetatik 1 ez zen aurkeztu eta 799k gainditu dute, Beraz, ikasle guztien % 97,80k gainditu dute (aurreko urtean % 98,70ek gainditu zuten).

Borondatezko fasean, 8595 azterketa prestatu ziren. Azkenik, 1651 ikasle ez ziren aurkeztu probaren batera. Egindakoetatik, 5119k gainditu dute (egindakoen % 73,72), eta 1825 azterketak ( % 26,28) ez dute gainditu.

Probak egiteko, 3945 ikasle matrikulatu ziren. Horietatik, 522k borondatezko fasean bakarrik egin zuten. 

Noten kontsulta, erreklamazio-epea eta txartel elektronikoa

Notak gaur, asteazkena, ekainak 11 argitaratu dira NUPen webgunean eta Android edo Applererako berariaz diseinatutako aplikazio baten bidez, ikasle bakoitzari emandako pasahitzarekin. Oroitarazi beharra dago ikasle bakoitzak “emaitzen txartel elektronikoarekin” deskargatzen ahal dituela bere kalifikazioak. Ekainaren 25, 26 eta 27an deialdi berezia eginen da, eta, kasu horretan, emaitzak uztailaren 1ean ezagutaraziko dira.

Era berean, erreklamazioren bat egin nahi izanez gero, ikasleek egin behar dute telematikoki, ekainaren 12tik 16ra bitartean (deialdi arrunta). Berrikuspen prozesu honetan ateratzen den kalifikazioa hasierako kalifikazioa baino handiagoa, txikiagoa edo berdina izan daiteke Azterketak berrikusteko eskaerarik egin ez badute, ikasleek ekainaren 18tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazio txartel elektronikoa; berrikusteko eskaera egin badute, aldiz, ekainaren 23tik aurrera.

Lehenengo deialdia da honako dekretu hau onetsi ondoren egiten dena: 534/2024 Errege Dekretua, 2024ko ekainaren 11koa, zeinaren bidez arautzen baitira graduko unibertsitateko ikasketa ofizialetara sartzeko baldintzak, sarrera-probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozedurari buruzko oinarrizko araudia. Nafarroan, Errege Dekretu hori abenduaren 12ko 114/2024 Foru Aginduan gauzatu da. Aurtengo deialdiak hiru berritasun nagusi ditu, eta honako alderdi hauei eragiten die: azterketa-eredua, borondatezko aldian egin daitekeen irakasgai kopurua eta borondatezko faseko emaitzen iraupena.