Luisa Chocarro de Erauso biokimikariak (Iruñea, 1996) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesi batek estrategia terapeutiko berriak planteatzen ditu minbiziaren aurkako immunoterapiaren erresistentziari aurre egiteko. Lana Navarrabiomedeko Onkoimmunologia Unitatean garatu da —Nafarroako Gobernuaren eta erakunde akademikoaren arteko ikerketa biomedikoko zentroa da Navarrabiomed—, eta mekanismo biologikoak identifikatzen ditu, erakusten dutenak pertsona batzuek zergatik ez dioten erantzuten tratamendu mota horri, eta konbinazio esperimental bat proposatzen du, biriketako minbiziaren ereduetan erresistentzia hori iraultzea lortzen duena.
Immunoterapia immunitate-sistema aktibatzen duen tratamendu bat da, tumore-zelulak ezagutzeko eta suntsitzeko gai izan dadin. Gaixotasun horri buruzko ikerketan urrats handia izan bada ere, ez du balio kasu guztietarako. Paziente askoren kasuan, immunitate-sistemako zelulek (T linfozitoak izenekoek) ez dute behar bezala funtzionatzen eta tumoreari eraso egiteko gaitasuna galtzen dute.
Bere ikerketan, Chocarrok ikergai izan du nola PD-1 eta LAG-3 izeneko molekulek aurre egiten dioten zelula horien jardunari. Molekula horiek aktibatuta daudenean, T linfozitoek beren funtzioa behar bezala betetzeari uzten diote. Ikerketak zehatz-mehatz aztertu du zer gertatzen den zeluletan molekula horiek jarduten dutenean, beren jarduna arautzen duten proteinen aldaketa guztien ikerketaren bidez.
Datu horietan oinarrituta, tratamendu-konbinazioak probatu ditu erresistentzia gainditzeko. Proposamen garrantzitsuenetako bat da ohiko immunoterapiari CBL-B izeneko proteina baten aurkako botika bat eranstea. Konbinazio hori eraginkorra izan da biriketako minbiziaren eredu esperimentaletan, zelula immunitarioek tumoreari aurre egiteko gaitasuna berreskuratzea lortzen baitu.
“Emaitza horiei esker, immunoterapiarekiko erresistentziaren azpian dauden mekanismo konplexuak hobeto ulertu ahal izanen dira, eta mekanismo horiek indargabetzeko zuzendutako terapiak garatu ahal izanen dira, minbizia duten paziente gehiago tratamenduaren onuradun izan daitezen”, adierazi du ikertzaileak. Doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du, eta Navarrabiomedeko Onkoimmunologia Unitateko bi ikertzailek zuzendu dute: David Escors Murugarren eta Grazyna Kochan.
Curriculum laburra
Luisa Chocarro Biokimikan graduatua da, eta Sendagaien Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Masterra du Nafarroako Unibertsitatean. Doktoretza-tesia egin bitartean, eta osasuneko ikerketako prestakuntzarako doktoretza aurreko kontratu bati eta Carlos III Osasun Institutuaren mugikortasuneko M-AES laguntza bati esker, sei hilabeteko ikerketa-egonaldi bat egin zuen University College Londonen. Horri esker nazioarteko doktoretzaren aipamena lortu du.
Carlos III Osasun Institutuak, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak, Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak finantzatu dute ikerketa. Emaitzetako batzuk “EMBO Molecular Medicine” aldizkarian argitaratu dira. Egileak nazioarteko hainbat argitalpen zientifiko ditu parekoen ebaluazioa dutenak, eta bere lanak erreferentziako biltzarretan aurkeztu ditu, hala nola Onkologia Medikoko Europako Elkartearen (ESMO) biltzarretan, eta zenbait beka eta sari eman dizkiote. Esaterako, 2024an Bartzelonan eta 2022an Parisen egindako ESMO biltzarretan emandako oinarrizko zientziako poster hoberenen bi sariak. Doktoretzan, orobat aintzatetsi dute eta sailkapen aipagarrietan sartu, hala nola Nova 111 List 2024, IESE Future Female Leaders Award 2025 eta CSICek 2025ean egindako Espainiako emakume ikertzaileen rankinga.