Joan eduki nagusira

Nafarroako Talentu Matematikoaren Tailerra eskolaz kanpoko jarduera bat da, helburutzat duena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen artean matematikarekiko interesa piztea. Duela gutxi, Arrosadiko campusean, bere lehen edizioaren amaiera-ekitaldia egin du tailerrak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleek eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak antolatu dute ekimena 63 neska-mutilen parte-hartzearekin. Saioan sariak banatu zitzaizkien taldekako matematika-lehiaketa irabazi duten ikasleei, parte-hartze aktiboena izan zuten ikasleak aintzatetsi zituzten eta Jesús Javier Jiménez Ibáñez eta Gustavo Ochoa Lezaun irakasleak omendu zituzten matematikaren dibulgazioarekin izan duten konpromisoagatik. 2024-2025 ikasturteko programa DBHko 3. ikasmailako ikasleengan dago zentratuta, eta hamalau dibulgazio-saio izan ditu, unibertsitateko irakasleek eta Nafarroako eta Zaragozako Bigarren Hezkuntzako institutuek emanak.

zoom Ezkerretik eskuinera, zutik: Ander Ezcaray, Jorge Ardaiz, Nicolás Huarte, Amets Loiarte, Salma Amara, Gabriela Cintu, José Sebastián eta Gustavo Ochoa. Makurtuta: Juan Serrano, Jesús Javier Jiménez, Aitor Olcoz eta Jon Ardaiz.

Ezkerretik eskuinera, zutik: Ander Ezcaray, Jorge Ardaiz, Nicolás Huarte, Amets Loiarte, Salma Amara, Gabriela Cintu, José Sebastián eta Gustavo Ochoa. Makurtuta: Juan Serrano, Jesús Javier Jiménez, Aitor Olcoz eta Jon Ardaiz.

Teo Roldán Marrodán NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle eta Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko (INAMAT²) ikertzaileak eman zuen lehen edizioaren amaierako saioa, “Azalerak neurtzen Arkimedesekin” izenekoa. Jarduerari esker ikasleek aztertu zuten nola irudikatzen zuen matematikari greziarrak balantza bat irudi geometrikoak jartzeko beren azalerak edo bolumenak orekaren bidez deduzitzeko. Fisika aurkikuntza matematikoa gidatzeko erabiltzeko modu iraultzailea izan zen. Proposamenak erreferentzia historikoak eta arrazoiketa matematikoa jarduera praktikoekin konbinatu zituen.

zoom Teo Roldán irakaslea, Arkimedesi buruzko tailerra ematen.

Teo Roldán irakaslea, Arkimedesi buruzko tailerra ematen.

Ekitaldian sariak eman zitzaizkion taldekako matematika lehiaketa irabazi zuen taldeari. Honako hauek osatu zuten taldea: Salma Amara Setati (Iruñeko Navarro Villoslada BHI), Jorge Ardaiz Soltero eta Ander Ezcaray Menéndez (biak Iruñeko FEC Vedruna ikastetxekoak). Bigarren postuan sailkatu ziren Nicolás Huarte Gil (Iruñeko La Compasión Escolapios ikastetxea), Amets Loiarte Erauskin (Etxarri Aranazko Andra Mari ikastola) eta Aitana Tuero Zamora (Sarriguren BHI). Orobat diplomak banatu zitzaizkien ikasle parte-hartzaileenei, hala nola Jon Ardaiz Gastearena, Jorge Ardaiz Soltero, Gabriela Cintu eta Aitor Olcoz Gálvez.

Orobat Jesús Javier Jiménez, Corellako Alhama BHIko irakaslea eta Gustavo Ochoa NUPeko irakaslea eta INAMAT² Institutuko ikertzailea omendu zituzten hurrenez hurren DBHko 2. ikasmailako eta Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendutako Olinpiada Matematikoak antolatzen egindako ibilbideagatik.

zoom Bi ikasle bi irudi geometrikoren azalerak kalkulatzen balantza batekin, Arkimedesek planteatu zuen bezala.

Bi ikasle bi irudi geometrikoren azalerak kalkulatzen balantza batekin, Arkimedesek planteatu zuen bezala.

Saioetako hizlariak

Tailerraren saioak ostiral txandakatuetan egin ziren, eta ordu eta erdiko iraupena izan zuen bakoitzak. Honako hauek eman zituzten: Juan Serrano de Rodrigo (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua); Esteban Induráin Eraso, María José Asiáin Ollo, Jaione Abaurrea Larrayoz eta Aitzol Lasa Oiarbide (NUP); Alberto Elduque Palomo (Zaragozako Unibertsitatea); Juan Carlos Ballabriga Escuer (Benjamín de Tudela BHI); Alberto Domínguez Navarro (Benjamín de Tudela BHI); Carlos Ukar Arana (Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa-CREENA); José Sebastián Ochotorena (Iruñeko Julio Caro Baroja BHI); Gabriel Gómez Arriola (Ribaforadako El Cierzo  DBHI); Florencio Villarroya Bullido (Zaragozako Miguel Catalán BHI) eta Sergio Martínez Juste (Zaragozako Pilar Lorengar BHI), lehen aipatutako Jesús Javier Jiménez eta Teo Roldánez gain.

zoom Hiru ikasle, matematikarekin gozatzen Teo Roldan irakasleak emandako tailerrean.

Hiru ikasle, matematikarekin gozatzen Teo Roldan irakasleak emandako tailerrean.

Gustavo Ochoak, Juan Serranok eta José Sebastiánek koordinatu dute Nafarroako Talentu Matematikoaren Tailerra, eta Nafarroako Gobernuaren babes ekonomikoa du, kultura zientifikoa, Nafarroan egindako I+G+b-ren zabalpena eta ZTIM bokazioak sustatzeko laguntzen bidez. Orobat NUPen, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren eta TORNAMIRA Matematika Irakasleen Nafarroako Elkartearen babes instituzionala du.