Gaur, asteartea, ekainak 3, hasi eta ekainaren 5a, osteguna, bitartean 3945 ikaslek eginen dituzte Unibertsitatean Sartzeko Probak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Probak Arrosadiko campusean (Ikasgelategian) eta Tuterako campusean eginen dira. Matrikulatutako ikasleetatik, 2329 emakumeak dira, eta 1616 gizonak. Bestalde, hizkuntza-ereduari dagokionez, guztira 3028 ikaslek eginen dute proba gaztelaniaz, eta 917k euskaraz. Ikasle gehienek (3314 ikasle) nahitaezko fasea eta borondatezkoa eginen dituzte; 521 ikaslek borondatezko fasea bakarrik eginen dute, eta 110 ikaslek, nahitaezkoa bakarrik.
Lehenengo deialdia da honako dekretu hau onetsi ondoren egiten dena: 534/2024 Errege Dekretua, 2024ko ekainaren 11koa, zeinaren bidez arautzen baitira graduko unibertsitateko ikasketa ofizialetara sartzeko baldintzak, sarrera-probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozedurari buruzko oinarrizko araudia. Nafarroan, Errege Dekretu hori abenduaren 12ko 114/2024 Foru Aginduan gauzatu da. Aurtengo deialdiak hiru berritasun nagusi ditu, eta honako alderdi hauei eragiten die: azterketa-eredua, borondatezko aldian egin daitekeen irakasgai kopurua eta borondatezko faseko emaitzen iraupena. Proben xehetasun guztiak, bai eta azterketak ere, Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.
Ikasleek ekainaren 11n izanen dituzte eskuragarri deialdi arrunteko proben emaitzak, eta hilaren 18tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak ekainaren 25ean, 26an eta 27an izanen dira, eta emaitzak uztailaren 1ean egonen dira eskuragarri. Kalifikazioen txartela, berriz, uztailaren 15etik aurrera egonen da deskargatzeko moduan.
Deialdiaren berritasunak
Lehen aipatutako Errege Dekretuan ezartzen denez, ariketak “gaitasunen araberakoak” izanen dira, eta hainbat ataletan egonen dira egituratuta, eta atal horiek galdera bat edo ataza batzuk izanen dituzte. “Erantzun itxiak, erdieraikiak edo irekiak izanen dituzte, betiere ariketa bakoitzean erantzun ireki eta erdieraikiko galdera edo atazen guztizkoari esleitutako puntuazioa gutxienez % 70era iristen bada”, araudiak adierazten duenez. “Ikasleek sormena, pentsamendu kritikorako eta gogoetarako gaitasuna eta heldutasuna izan behar dituzte”.
Araudiaren arabera, “azterketa guztietan eman behar zaie ikasleei zuzenketa eta kalifikazio irizpideei buruzko informazioa. Irizpide horiek, besteak beste, honako alderdi hauek baloratzeko zer parametro erabiliko diren adieraziko dute: erantzuna zenbateraino egokitzen zaion galderan eskatutakoari, eta ikasleek idatzitako testuen koherentzia, kohesioa, zuzentasun gramatikala, lexikala eta ortografikoa eta aurkezpena.
Honako hauek osatzen dituzte hautaprobak: batetik, Unibertsitatean Sartzeko Proba (USP) dago, eta nahitaezkoa da unibertsitatean sartzeko; bestetik, borondatezko fasea. Deialdiaren beste berritasunetako bat da orain, azken fase horretan, gehienez ere lau ikasgaitako azterketak egiteko aukera dagoela (lehen hiru ziren), eta laugarrena atzerriko hizkuntza da. Aurreko deialdietan bezala, egindako azterketetako bi nota hoberenak hartuko dira. Aurtengo beste berritasun bat da borondatezko faseko emaitzek hiru ikasturteko iraupena izanen dutela. Aurrekoetan bi ikasturte ziren.
Ohikoa denez, azterketa egin bitartean eta ikasgelatik atera arte, ikasleek ezin izanen dute ez piztuta ez begi-bistan izan komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko balio duen gailu elektronikorik (esate baterako, sakelako telefonoak, ordenagailu pertsonalak, tabletak, erloju adimendunak, etab.). Proba bakoitzak 90 minutuko iraupena du.
Probak nola eginen diren
Ikasleak 7 epaimahaitan banatuta egonen dira; horietatik 6 Arrosadiko campusekoak dira (lau gaztelaniazkoak eta bi euskarazkoak), eta zazpigarrena, gaztelaniaz,Tuterakoa.
Unibertsitatean sartzeko probek bi fase dituzte: nahitaezkoa (USP izenekoa, Unibertsitatean Sartzeko Proba) eta borondatezko fasea. Lehenengoan, Batxilergo modalitate guztietako irakasgai komunetako azterketak eginen dituzte. Gaztelania eta Literatura, Espainiaren Historia edo Filosofiaren Historia (bat aukeratu behar da) eta Atzerriko Hizkuntza dira, zeina ingelesa, frantsesa edo alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). Nafarroan, A eta D hizkuntza-ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horiez gainera, beste proba bat ere eginen dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgai bati dagokiona.
Behin probak eginda, azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USP gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen badu (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izanen du nota hori.
Borondatezko fasean, gehienez ere hiru irakasgairen azterketak egiten ahal ditu ikasleak, irakasgai hauen artean: nahitaezko fasean azterketa egindakoa ez den Espainiako Historiako edo Filosofiaren Historiako irakasgai komuna; edozein modalitatetako nahitaezko irakasgai espezifikoak, nahitaezko fasean azterketa egindakoak ez direnak, berdin ikasiak diren edo ez; Batxilergoko bigarren mailako edozein modalitatetako irakasgai espezifikoak, berdin ikasiak diren edo ez. Laugarren azterketa bat egiteko aukera dago: atzerriko hizkuntza bat (frantsesa, ingelesa edo alemana), nahitaezko fasean aukeratutakoa ez dena, berdin ikasia den edo ez. Borondatezko faseko emaitzen iraupena hiru ikasturtekoa da.
Probei buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago eskuragarri.
Azterketa-egutegia hiru egunetarako
Probak gaur, ekainak 3, asteartea, hasiko dira: 09:30ean Gaztelania eta Literatura II, eta, 12:00etan, Ingelesa. Arratsaldean, 16:00etan, Filosofiaren Historiako azterketa izanen da, eta 18:30ean, Espainiaren Historiakoa.
Bihar, ekainak 4, asteazkena, azterketa hauek eginen dituzte ikasleek: 08:30ean, Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek); 11:00etan, azterketa hauek eginen dituzte: Matematika II, Latina II, Musika Analisia II eta Marrazketa Artistikoa II. Arratsaldean, 15:00etan, Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II, Zientzia Orokorrak eta, azkenik, Arte Eszenikoak II. 17:30ean Alemaneko eta Frantseseko azterketak eginen dira.
Probak ekainaren 5ean, osteguna, amaituko dira, orduan eginen baitira irakasgai espezifikoetako azterketa guztiak. Probak 08:30ean hasiko dira, honako hauekin: Fisika, Diseinua, Geografia eta Musikaren eta Dantzaren Historia. 11:00etan, ikasgai hauetako azterketak eginen dira: Biologia, Artearen Historia, Marrazketa Teknikoa II eta Oinarri Artistikoak. Arratsaldean, 15:00etan, proba hauek eginen dira: Kimika; Adierazpen Grafikoko Teknikak; Plastika; Enpresa; Negozio Ereduen Diseinua; Korua eta Ahots Teknika II. Azkenik, 17:30ean, azterketa hauek eginen dira: Geologia eta Ingurumen Zientziak; Mugimendu Kultural eta Artistikoak; Greziera II; Teknologia eta Ingeniaritza II; Arte Plastikoei eta Diseinuari Aplikatutako Marrazketa Teknikoa II eta Literatura Dramatikoa.