Joan eduki nagusira

Osotara 3945 ikaslek eginen dituzte ekainaren 3tik 5era Unibertsitatean Sartzeko Probak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Probak Arrosadiko campusean (Ikasgelategian) eta Tuterako campusean eginen dira. Matrikulatutako ikasleetatik, 2329 emakumeak dira, eta 1616 gizonak. Bestalde, hizkuntza-ereduari dagokionez, guztira 3028 ikaslek eginen dute proba gaztelaniaz, eta 917k euskaraz. Ikasle gehienek (3314 ikasle) nahitaezko fasea eta borondatezkoa eginen dituzte; 521 ikaslek borondatezko fasea bakarrik eginen dute, eta 110 ikaslek, nahitaezkoa bakarrik. 

zoom acceso previa

Ikasleak, aurreko urteko unibertsitatean sartzeko proben deialdian.

Lehenengo deialdia da honako dekretu hau onetsi ondoren egiten dena: 534/2024 Errege Dekretua, 2024ko ekainaren 11koa, zeinaren bidez arautzen baitira graduko unibertsitateko ikasketa ofizialetara sartzeko baldintzak, sarrera-probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozedurari buruzko oinarrizko araudia. Aurtengo deialdiak hiru berritasun nagusi ditu, eta honako alderdi hauei eragiten die: azterketa-eredua, borondatezko aldian egin daitekeen irakasgai kopurua eta borondatezko faseko emaitzen iraupena. Berritasun horiek guztiak jakinarazi zaizkie Nafarroako ikastetxeei, eta proben xehetasun guztiak kontsultatzeko daude Unibertsitatearen webgunean

Ikasleek ekainaren 11n izanen dituzte eskuragarri deialdi arrunteko proben emaitzak, eta hilaren 18tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak ekainaren 25ean, 26an eta 27an izanen dira, eta emaitzak uztailaren 1ean egonen dira eskuragarri. Kalifikazioen txartela, berriz, uztailaren 15etik aurrera egonen da deskargatzeko moduan.

Deialdiaren berritasunak

Lehen aipatutako Errege Dekretuan ezartzen denez, ariketak “gaitasunen araberakoak” izanen dira, eta hainbat ataletan egonen dira egituratuta, eta atal horiek galdera bat edo ataza batzuk izanen dituzte. “Erantzun itxiak, erdieraikiak edo irekiak izanen dituzte, betiere ariketa bakoitzean erantzun ireki eta erdieraikiko galdera edo atazen guztizkoari esleitutako puntuazioa gutxienez % 70era iristen bada”, araudiak adierazten duenez. “Ikasleek sormena, pentsamendu kritikorako eta gogoetarako gaitasuna eta heldutasuna izan behar dituzte”. 

Bestalde, 534/2024 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz, “azterketa guztietan eman behar zaie ikasleei zuzenketa eta kalifikazio irizpideei buruzko informazioa. Irizpide horiek, besteak beste, honako alderdi hauek baloratzeko zer parametro erabiliko diren adieraziko dute: erantzuna zenbateraino egokitzen zaion galderan eskatutakoari, eta ikasleek idatzitako testuen koherentzia, kohesioa, zuzentasun gramatikala, lexikala eta ortografikoa eta aurkezpena. 

Honako hauek osatzen dituzte hautaprobak: batetik, Unibertsitatean Sartzeko Proba (USP) dago, eta nahitaezkoa da unibertsitatean sartzeko; bestetik, borondatezko fasea. Deialdiaren beste berritasunetako bat da orain, azken fase horretan, gehienez ere lau ikasgaitako azterketak egiteko aukera dagoela (lehen hiru ziren), eta laugarrena atzerriko hizkuntza da. Aurreko deialdietan bezala, egindako azterketetako bi nota hoberenak hartuko dira. Aurtengo beste berritasun bat da borondatezko faseak hiru ikasturteko iraupena izanen duela. Aurrekoetan bi ikasturte ziren. 

Ohikoa denez, azterketa egin bitartean eta ikasgelatik atera arte, ikasleek ezin izanen dute ez piztuta ez begi-bistan izan komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko balio duen gailu elektronikorik (esate baterako, sakelako telefonoak, ordenagailu pertsonalak, tabletak, erloju adimendunak, etab.). 

Azterketa-egutegia hiru egunetarako

Probak ekainaren 3an hasiko dira, asteartea: 09:30ean Gaztelania eta Literatura II, eta, 12:00etan, Ingelesa. Arratsaldean, 16:00etan, Filosofiaren Historiako azterketa izanen da, eta 18:30ean, Espainiaren Historiakoa. 

Ekainaren 4an, asteazkena, azterketa hauek eginen dituzte ikasleek: 08:30ean, Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek). 11:00etan, azterketa hauek eginen dituzte: Matematika II, Latina II, Musika Analisia II eta Marrazketa Artistikoa II. Arratsaldean, 15:00etan, Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II, Zientzia Orokorrak eta, azkenik, Arte Eszenikoak II. 17:30ean Alemaneko eta Frantseseko azterketak eginen dira.

Probak ekainaren 5ean, osteguna, amaituko dira, orduan eginen baitira irakasgai espezifikoetako azterketa guztiak. Probak 08:30ean hasiko dira, honako hauekin: Fisika, Diseinua, Geografia eta Musikaren eta Dantzaren Historia. 11:00etan, ikasgai hauetako azterketak eginen dira: Biologia, Artearen Historia, Marrazketa Teknikoa II eta Oinarri Artistikoak. Arratsaldean, 15:00etan, proba hauek eginen dira: Kimika; Adierazpen Grafikoko Teknikak; Plastika; Enpresa; Negozio Ereduen Diseinua; Korua eta Ahots Teknika II. Azkenik, 17:30ean, azterketa hauek eginen dira: Geologia eta Ingurumen Zientziak; Mugimendu Kultural eta Artistikoak; Greziera II; Teknologia eta Ingeniaritza II; Arte Plastikoei eta Diseinuari Aplikatutako Marrazketa Teknikoa II eta Literatura Dramatikoa.