Joan eduki nagusira

Maiatzak 26tik 28ra bitartean, “Zuzenbide Estatuak egun Europan dituen erronkak” izenburuko nazioarteko kongresua eginen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta 9 herrialde hauetako zuzenbideko, soziologiako, antropologiako, historiako eta politika-zientzietako 50 aditu bilduko ditu Iruñean:   Polonia, Kroazia, Serbia, Errumania, Bulgaria, Espainia, Frantzia, Italia eta Portugal. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko. Kongresua NUP partaide duen EUROPIA europar proiektuaren barruan dago. Europar identitatearen eta balioen eraikuntzari buruzko proiektua da.

zoom EUROPIA biltzarreko parte-hartzaileak.

EUROPIA biltzarreko parte-hartzaileak.

Spasimir Domaradzki Varsoviako Unibertsitateko Politika Zientzien Fakultateko irakasleak zuzentzen du EUROPIA proiektua, eta Europar Batasunak finantzatzen du Erasmus + programaren bidez 250.000 eurorekin. Alejandro Torres NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko Konstituzio Zuzenbideko katedradun eta irakasleak koordinatzen du.

EUROPIA proiektuari esker irakaskuntza-material batzuk egin dira, eta herrialde parte-hartzaileetako graduko eta graduondoko ikasleei eskaintzen zaizkien zazpi multzotan daude antolatuak: gutxiengoak; Zuzenbide Estatua, nazio-identitatea eta nazionalismoa; Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak; Europaren integrazioa herritarren ikuspegitik; kultura europarraren eraikuntza eta horrek nazio-identitatean duen eragina; eta, azkenik, herentzia historiko nazionala (herrialde bakoitzean) eta Europaren ideiaren eraketa.

EUROPIAko parte-hartzaileak

Unibertsitate hauek parte hartu dute EUROPIA proiektuan: Varsovia, Zagreb, Belgrado, Brasov, Bulgariako Pax Rhodopica Fundazioa eta NUP. Horiez gain, NUPen bazkide diren eta UNITA partzuergoan dauden beste unibertsitate batzuek ere bai (Brescia, Turin, Timisoara, Zaragoza eta Brasov), Espainiako beste unibertsitate batzuetakoek (EHU, Valladolid, UCM, Bartzelona, Pompeu Fabra, Sevilla, Miguel Hernández, eta Nafarroa), eta europarrek, (Coimbra, ICES eta Tolosako Institutu Katolikoa), eta Cornelleko Unibertsitatea, (EEUU).

NUPen izenean, honako irakasle eta ikertzaile hauek parte hartzen dute proiektuan, Alejandro Torres arduradunaz gain: Sergio García Magariño (Soziologia), Javier Martín Lanas (Zuzenbidearen Filosofia) eta Ander Loyola Sergio, Sergio Díaz Sánchez eta Angel Ares y García (Konstituzio Zuzenbidearen Arloko ikertzaileak).