NUPeko Genero Ikasketen Katedrak Lizarraldeko Feminismoen I. Landa Eskola ezartzen eta garatzen lagundu du. Lizarrako Udaleko Berdintasun Alorrak eta TEDER-Lizarraldeko Berdintasun Alorrak antolatu dute Eskola.


Lizarraldeko Feminismoen I. Landa Eskolako parte-hartzaileak, Begoña Elizalde-San Miguel irakaslearekin batera.
Feminismoen Eskola, amaitu berria, genero-teorian eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean hezteko asmoz sortu zen, genero-ikuspegia Lizarraldeko lurraldean eta eguneroko bizitzan txertatuz, feminismoan oinarritutako hiri- eta landa-garapena sustatzeko. “Gure helburua da pertsonei bizitzako arlo guztietan berdintasun erreala eta eraginkorra bultzatzeko tresnak ematea, beren komunitateetan aldaketarako eragile bihur daitezen”, adierazi du Ixaxi Pérez Fernández Lizarrako Udaleko Berdintasun teknikariak. Aurora Sanz Diéguez TEDER-Lizarraldeko Berdintasun teknikariak gehitu du “ezinbestekoa dela herritarrak zorrotz prestatzea arrakala horiek iraunarazten dituzten arrazoi historikoak eta egiturazkoak uler ditzaten”.
Patricia Amigot Leache NUPeko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrako zuzendariak esan du Katedrak “sendotu egin nahi dituela ikerketa eta teoria akademikoa, baina orobat ezagutza hori guztia ekimen sozialekin lotzeko eta herritarrentzat eskuragarria izan dadin errazteko, zailtasun gehien dituztenak barne, hala nola lan-eremua. Feminismoen Landa Eskola gune interesgarria eta baliotsua da ezagutza transferitzeko; haren diseinuan lagundu dugu, elkarrizketa eta ezagutza zorrotza eta berdintasunarekin konprometitua sustatzeko".
Prestakuntza-programa eta landutako gaiak
Ekimena prestakuntza-programa publikoa, doakoa eta egiaztatua izan da, eta guztira 25 orduko iraupena izan du. Ikastarorako 27 postu eskaini ziren: 15 presentzialak, Lizarran bizi direnentzat, eta 12 online modalitatean, Merinaldeko beste udalerri batzuetako biztanleentzat. Saioak Tierra Estella BHIn egin dira asteartero, martxoaren 11tik maiatzaren 20ra arte.
Programak funtsezko edukiak jorratu ditu, hala nola pentsamendu feminista, patriarkatuaren jatorria, feminismoaren historia, emakumeek gizartean duten irudikapena, genero-sozializazioa, genero-indarkeria eta sexu-indarkeria, pornografia, berdintasun-politikak, landa-inguruneko emakumeen egoera eta epistemologia feminista.
NUPeko irakasleek eman dituzte saio guztiak. Irakasle hauek parte hartu zuten programa ezartzen: Lohitzune Zuloaga, Paloma Fernández, Begoña Elizalde-San Miguel, Ruth Iturbide, Patricia Amigot Leache, Irene Lapuerta eta Elvira Sanz.
Gogoeta kritikoa amaierako saioan
Begoña Elizalde-San Miguel NUPeko irakasle eta ikertzailearen eskutik egin zen amaierako saioa, eta saioan proposatu zen gogoeta kolektiborako gune bat ikasleen prestakuntza-prozesua epistemologia feministen esparruan kokatzeko. Metodologia parte-hartzaile baten bidez garatu zen, kontzeptuen azalpena eta azterketa barne hartuta, hausnarketa kritikoa errazteko diseinatutako adibide zehatzen bidez. Helburu nagusia izan zen “ikuspegi kritikoa sustatzea honi buruz: egiturazko desberdintasunak iraunarazten dituzten genero-harremanek nola zeharkatzen duten ezagutza zientifikoaren eraikuntza”, azaldu zuen Elizalde-San Miguelek. Gaineratu zuenez, desberdintasun horiek “ikerketa-taldeen eraketan zein lehentasun tematikoen definizioan, aplikatutako analisi-metodoetan eta horien inplementazioan agertzen dira”. Ikuspegi horretatik, “ezagutzaren produkzioari eragiten dioten joera nagusiak aztertu ziren, hala nola androzentrismoa, gainorokortzea eta neurri bikoitza, besteak beste”.
NUPeko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedra
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedraren xedea da genero ikasketak eta ikasketa feministak unibertsitate barruan egonkortzea, sare akademikoak sustatzea eta lankidetza bultzatzea bai maila instituzionalean eta bai gizarte zibilarekin. Azken helburua da, esparru akademikotik, gizarte berdinzaleago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko beharrezkoak diren ikerketa, prestakuntza, sentsibilizazioa eta lankidetza bultzatzea.