Gaur, asteartea, maiatzak 20, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) aurreinskripzio-epea zabaldu du heldu den ikasturtean Iruñean Esperientziaren Gelako lehen ikasmaila egiteko. Izapidea “online” egiten ahal da, Unibertsitatearen webgunearen bidez, edo modu presentzialean, NUP Fundazioaren egoitzan, zeina Arrosadiko campuseko Sario eraikineko 0 moduluan baitago (lehen solairua), maiatzaren 23ra arte, ostirala, eta egun horretan 14:00etara arte.
Esperientziaren Gelak, 2025-2026 ikasturtean, Giza eta Gizarte Zientzietako Unibertsitate Zabalpeneko Diploma eskainiko du. Modu presentzialean eta goizez emanen da Iruñean, Arrosadiko campusean. Ikasketa-planak prestakuntza orokorra ematen du Giza eta Gizarte Zientzietan modu malgu eta orekatuan, eta 50 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Titulua lau ikasturtetan zehar egiten da, eta gizarte-zientzietako oinarri humanistikoak eta gaur egungo gaiak lantzen dira.
Ikaspostuen zozketa eta matrikula-aldia
NUPeko irakaskuntza berekiei buruzko araudian ezartzen denez, sartzeko lehentasuna izanen dute NUPeko ikasle eta tituludunek beste unibertsitate batzuetakoen aldean. Bete gabe gelditu diren gainerako ikaspostuetarako onarpena, eskaintzen diren 75 ikaspostuak bete arte, zozketa bidez ezarritako ordenari jarraituz eginen da. Izena emandakoen arteko zozketa maiatzaren 27an eginen da, 10:00etan. Onartutakoen behin-behineko zerrenda egun horretan bertan argitaratuko da 12:00etatik aurrera, behin betiko zerrenda, berriz, maiatzaren 30ean.
Lehen ikasmailan onartuak izan direnek ekainaren 2tik 6ra egin behar dute matrikula. Bestalde, titulu horretan ikasten jarraituko dutenez bigarren ikasmailetan eta hurrengoetan matrikulatu behar dutenek ekainaren 9tik 12ra egin beharko dute. Bi kasuetan, internet bidez edo aurrez aurre izapidetzen ahalko da.
Eskolak irailaren hasiko dira, eta goizeko orduetan emanen dira ikasmaila guztietan, asteartetik ostegunera.