Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Nafarroako Gobernuko Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiarekin, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin (ISPLN), Foru Komunitateko CCOO eta UGT sindikatuekin, Nafarroako Enpresarien Konfederazioarekin (CEN) eta Ekonomia Sozialeko Nafarroako Enpresen Elkartearekin (ANEL) batera, NUPeko Lan Arriskuen Prebentzioaren Katedra sortu du. Helburu hauek ditu, besteak beste: aipatutako erakundeen arteko lankidetza garatzea, unibertsitateko prestakuntzan eta eskaintza akademikoa hobetzen laguntzea, laneko arriskuen prebentzioari buruzko zabalkunde- eta sentsibilizazio-ekintzak egitea, edo arlo horretako ikerketa bultzatzea, genero-ikuspegia aplikatuz.


Katedra berria sortzeko sinadura-ekitaldiko parte-hartzaileak. Ezkerretik eskuinera, Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa, Iñaki Mendióroz Casallo Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Lorenzo Ríos González UGTren idazkari nagusia Nafarroan, Manuel Piquer Martín-Portugués, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, Carmen Maeztu Villafranca Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, Ignacio Ugalde Barbería ANELeko presidentea, Josema Romeo CCOOren idazkari nagusia Nafarroan, María Ángeles Nuin Villanueva ISPLNren zuzendari nagusia eta Julen Llorens Espada NUPeko irakaslea.
NUPen aldetik, Ramón Gonzalo erakundeko errektoreak sinatu du Katedra sortzeko hitzarmena. Entitate eta eragile sozialen aldetik, honako hauek sinatu dute testua: Iñaki Mendioroz Casallo Nafarroako Gobernuko Ekonomiako eta Laneko zuzendari nagusia, María Ángeles Nuin Villanueva ISPLNko zuzendari nagusia, Manuel Piquer Martín-Portugués CENeko burua, Ignacio Ugalde Barbería ANELeko burua; Lorenzo Ríos González UGTren burua Nafarroan; eta Josema Romeo CCOOren idazkari nagusia Nafarroan. Sinadura-ekitaldian izan da orobat Carmen Maeztu Villafranca Carmen Maeztu Villafranca Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria. Haren departamentuaren mende dago lehen aipatutako zuzendaritza nagusia.
Lankidetza-modalitateak
Entitateen arteko lankidetzak baterako jardueren garapena izanen du ardatz. Horien artean, honako hauek aipatu behar dira: ikerketa-proiektuei eta doktoretza-tesiak eta ikasketen amaierako lanak egiteari laguntza eta pizgarria ematea; Katedra sinatu duten erakunde eta gizarte-eragileak zuzentzen dituzten pertsonek eskuratutako esperientziak partekatzeko jarduerak bultzatzea; profesionalen etengabeko prestakuntza sustatzea; hainbat hezkuntza-mailatan laneko arriskuen arloko ezagutzak eskuratzea; eta gai horri buruzko argitalpen teknikoak nahiz akademikoak egitea.
Orobat NUPeko ikasleek praktikak eginen dituzte Katedra sustatzen duten entitate eta eragile sozialetan, trukeak eginen dira Katedra sustatzen duten enpresek produkzio-zentroak dituzten esparru geografikoetako beste unibertsitate batzuekin edo NUPeko ikasleek bisitak eginen dituzte entitate eta erakunde sinatzaileen produkzio-zentroetara.
Horrez gain, komunikazio- eta prestakuntza-jarduerak antolatuko dira (konferentziak, mintegiak, ikastaroak, etab.), laneko arriskuen prebentzioaren esparruan bokazioak sustatzera bideratuak ikuspegi teknikotik eta akademikotik; prebentzioaren kultura gizartean eta enpresetan bultzatzera bideratutako jarduerak sustatzea; laneko arriskuen prebentzioko dibulgazio-jarduerak antolatzea; lan arriskuen prebentzioaren arloko arauen eta jurisprudentziaren behatoki bat sortzea, eta sariak eta bekak ematea.
Katedraren jarraipen-batzordea eta zuzendaritza
Jarraipen Batzorde Misto batek ezarriko du katedraren jardueren urteko programazioa. Batzorde hori gutxienez NUPen 2 ordezkarik osatuko dute. Errektoreak izendatuko ditu, eta katedraren sustatzaile diren entitate eta eragile ekonomiko eta sozialek ordezkari kopuru bera izanen dute. Unibertsitateak, batzordeak proposatuta, katedraren ardura izanen duen zuzendari bat izendatuko du, eta hark urtebeteko aldietan beteko du kargua, luzatzeko aukerarekin.
Batzordearen eginkizunen artean daude jardueren urteko programa eta urteko memoria onetsi, ikuskatu eta gauzatzea, bai eta beste erakunde batzuekiko lankidetza-hitzarmenak onesteko proposatzea eta sinatutako hitzarmenetik sor litezkeen desadostasunei konponbidea ematea.