Codés Sanz González (Iruñea, 2001) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Psikologiako Graduko lehen promozioko graduatua 58. postuan sailkatu da Barneko Psikologo Egoiliar izateko azterketan. Urte eta erdi prestatzen igaro ondoren lortu duen emaitza horri esker, ekainean hasiko du lau urteko egonaldia Nafarroako Osasun Mentaleko Lanbide Anitzeko Irakaskuntza Unitatean, bere lehen aukeran, eta horri esker psikologia klinikoko psikologo espezialista bihurtuko da (PEPC).
Barneko Psikologo Egoiliar izateko azterketaren azken deialdiak 274 lanpostu eskaini zituen 3.954 izangairentzat. Gaitegi irekia da —horrek esan nahi du psikologiarekin lotutako edozein edukiri buruzko galderak egin daitezkeela—, eta prozesuak denbora asko eskatzen du. Gainera, deialdi honetako azterketan, erabiltzen diren eskuliburuetatik kanpoko hainbat galdera zeuden, eta, izangaiaren iritzian, horrek erakusten du gaitegi ofizial eta itxi bat ezarri beharra dagoela.
“Barneko Psikologo Egoiliar izateko azterketa prestatzea orain arte izan dudan erronka zailena izan da”, esan du. Tarte horretan, ikaslea batez beste zazpi orduz aritu zen ikasten, kirola, irakurketa eta harreman pertsonalak alde batera utzi gabe. “Aldatu egin behar izan nuen ikasteko modua eta azterketa bat baino gehiago naizela onartu. Nire familiaren laguntza funtsezkoa izan da, bai eta ikasten igarotako orduak ere”, gehitu du.
Gradua 2023an amaitu ondoren, Codés Sanzek akademia espezializatu bateko zazpi hilabeteko “online” ikastaro trinko baten bidez ekin zion prestakuntzari. Gero, lehenengo aldiz azterketara aurkeztu ondoren, hamaika hilabeteko prestakuntza egin zuen akademia berean, modu ez presentzialean. Osotara, urte eta erdi inguru aritu da Barneko Psikologo Egoiliar izateko azterketako gaiak ikasten.
Praktikak karreran zehar
Psikologia klinikoarekiko interesa graduko azken urtean piztu zitzaion Codés Sanzi, Lehen Episodio Psikotikotikoen (PEP) programan egin zituen praktiken harira, non hurbiletik ezagutu baitzuen osasuneko prestakuntza espezializatuko eredua. “Eginen dudan egonaldiak prestakuntza gainbegiratua, ordaindua eta osasun mentaleko hainbat dispositibotan txandaka egindakoa eskaintzen du. Horrek aukera ematen du ezagutzak, trebetasun psikoterapeutikoak eta autonomia irabazteko, diziplina anitzeko lanaren ikuspegi baten barruan”, adierazi du.
Motibazio profesionalari dagokionez, esan du prestakuntzaren hasieratik argi izan zuela psikoterapian eta osasun mentaleko zuzeneko arretan lan egin nahi zuela. “Psikologiatik gehien gustatzen zaidan alderdia pertsonekin harremana duena da, osasun mentalaren zerbitzura jartzeko —esan du —. Psikologia klinikoaren bidez egitea jarrera politikoa ere bada: kalitateko osasun publiko batean sinesten dut, eta, bereziki, pertsona guztiei arreta emanen zaiela bermatuko duen osasun mental publiko batean. Barneko Psikologo Egoiliar eta Psikologia Klinikoko Psikologo Espezialista izateko lanpostuak gehitzea funtsezkoa da behar dutenei duintasunez arreta emateko, osasun mentala eta psikoterapia ordaintzen ahal dutenentzako pribilegio bat izan gabe”.
NUPen jasotako prestakuntzari dagokionez, uste du graduak oinarri kontzeptual ona eman ziola eta inplikatutako irakasleak izan zituela. Azaldu duenez, oinarri horretatik abiatuta, azterketa prestatzeko titulazioaren eduki guztiak errepasatu, horietan sakondu eta, batez ere, diziplinaren ikuspegi globalean integratzera behartu zuen: “Karreran, irakasgaiak bereiz ikasten dira. Barneko Psikologo Egoiliar izateko, aldiz, ezinbestekoa da ulertzea zer-nolako harremana duten elkarrekin ezagutza guztiek”, esan du.