Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) nazioarteko proiektu batean parte hartu du Florentziako Unibertsitatearekin (Italia) eta Afyon Kocatepe Unibertsitatearekin (Turkia) batera. Helburua izan da Nafarroako erakunde akademikoko Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko ikasleak gaitzea adimen artifizialeko tresnak Lehen Hezkuntzan integratzen dituzten unitate didaktikoak ebaluatzeko eta hobetzeko. Lehen aipatutako atzerriko bi unibertsitateetako irakasletzako graduetako ikasleek prestatu dute material hori. Izaskun Jorajuría Elizondo Zientzien Saileko irakasle elkartuak zuzendu du proiektua NUPen, eta  Fisikaren eta Kimikaren Didaktikan eta Berrikuntzan Ikertzen Hastea irakasgaiaren esparruan garatu da.

zoom Proiektuko europar bazkideen arteko konexioa, NUPeko masterreko ikasleak atzean direla.

Proiektuko europar bazkideen arteko konexioa, NUPeko masterreko ikasleak atzean direla.

Nazioarteko lankidetza lanaren bidez, hiru unibertsitateetako ikasleek (ehun bat lagun) E5 eredu pedagogikoan oinarritutako hogei unitate didaktiko sortu dituzte. Ikuspegi hori lagungarri da ikasle bakoitzak modu aktiboagoan ikas dezan bost fasetan: jakin-mina piztu, esploratu, azaldu, egin eta ebaluatu.  Aipatu unitateek curriculumeko hainbat arlo hartzen dituzte, hala nola, musika, literatura, matematika edo fisika. Proposamen horiek Adimen Artifizialeko tresnen erabilera integratzen dute Lehen Hezkuntzako ikasleen motibazioa, parte-hartzea eta ikaskuntza-emaitzak sendotzeko. 

Unibertsitateko ikasleen ikaskuntza

“Proiektuak aukera eman die unibertsitateko ikasleei ulertzeko nola erabili adimen artifiziala hezkuntza-testuinguruetan, nola garatu irakaskuntzari aplikatutako gaitasun digitalak, nola diseinatu estrategia didaktiko berritzaileak eta nola hobetu haien trebetasun pertsonalak eta sozialak nazioarteko taldeetan lan eginez”, azaldu du Izaskun Jorajuriak.

Egindako unitate didaktikoak liburu batean bilduko dira, eta liburua Turkiako irakasleentzako erreferentziazko baliabide gisa argitaratuko da.