Joan eduki nagusira

Beste batzuen artean Erasmus+ programak finantzatutako ARIES4  (Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategietan oinarritutako Berrikuntzako Eskualde Ekosistemen Aliantzaren siglak ingelesez) izeneko europar proiektuaren amaierako bilera egin da Iruñean. Ekimen horrek hiru urtean bildu ditu Nafarroa, Värmland (Suedia), Hego Danimarka (Danimarka) eta Gabrovo (Bulgaria), enpresa-jasangarritasuna sendotzeko berrikuntzaren eta prestakuntzaren bidez. Hauek izan dira Foru Komunitateak proiektuan izan dituen ordezkariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, SODENA (Nafarroako Gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren mendeko sozietate publikoa) eta Foru Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusia, CENIFER (Imarkoain) eta Ega BHI (San Adrian) institutuen bidez.

zoom ARIES4 aliantzako Europako lau herrialdeetako parte-hartzaileak Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzan.

ARIES4 aliantzako Europako lau herrialdeetako parte-hartzaileak Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzan.

Proiektuaren lorpen nagusien artean, aipatzekoa da autoebaluaziorako doako tresna baten garapena, enpresei beren jasangarritasun maila neurtzeko, sektore bereko beste batzuekin alderatzeko eta gomendio pertsonalizatuak jasotzeko aukera ematen diena. Era berean, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleen arteko lankidetza sustatu da tailerren bidez. Tailer horietan, tokiko enpresek jasangarritasunaren arloan proposatutako benetako erronkei heldu zaie.

Testuinguru horretan, proiektuaren azken jardunaldia NUPen egin zen apirilaren 10ean, eta Proiektuaren Zuzendaritza Batzordearen eta Gobernantzako Aholku Batzordearen bilera estrategikoak egin ziren, bai eta Jeronimo de Ayanz zentrora bisita egin ere. Zentro hori erakunde akademikoko ikerketa-institutuen egoitza da.

Partzuergoak InnovaRSE eredua ezagutu du

Programa apirilaren 8an hasi zen Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzan, eta lan-paketeen aurrerapenak aurkeztu eta hitzaldi gonbidatu bat egin ziren. Hitzaldian, partzuergoko kideei InnovaRSE eredua azaldu zitzaien, Nafarroako Gobernuak garatutako enpresa kudeaketa jasangarrirako tresna bat. Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko bi ordezkarik egin zuten aurkezpena: Iñaki Mendioroz Casallo Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia eta Javier Zubicoa León Lan Zerbitzuko zuzendaria.

Biharamunean, Baluarte biltzar-jauregian, “Towards S4” (“S4rantz”) nazioarteko workshopa   egin zen, eta berrikuntzako eta jasangarritasun industrialeko politikak izan zituen ardatz. Topaketa horretan, Nafarroako Jasangarritasunerako Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren (S4) erdi mailako ebaluazioaren emaitzak ezagutarazi ziren. Ayming aholkularitza-enpresak egin eta SODENAk koordinatu zuen ebaluazioa, eta haren emaitzak erakusten dute urrats esanguratsuak egin direla Foru Komunitatean jasangarritasun-politikak gauzatzeko bidean.

Espezializazio Adimenduneko Estrategiak dira Europar Batasunak bultzatutako eskualdeen garapen ekonomikoko ereduak,  eta haien xedea da eskualde bakoitzak lehiarako dituen arlo abantailatsuenetan kontzentratzea baliabideak, kontuan hartuta nolako potentzial ekonomikoa eta zientifiko-teknologikoa duen eskualdeak eta nolako bilakaera izan duen eskariak.

Eskualde parte-hartzaileek trantsizio jasangarri batekin duten konpromisoa berretsiz amaitu da ARIES4 proiektua. Guztiek ezaugarri sozioekonomiko batzuk partekatzen dituzte, hala nola  eskualde periferikoak eta biztanle gutxikoak izatea. Orobat azpimarratu da eskualdeen arteko lankidetzaren eta espezializazio adimendunerako estrategien garrantzia Europan garapen jasangarriaren erronkei heltzeko.