Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Itsaso bete zientzia” dibulgazio-lehiaketa antolatu du Nafarroako bigarren hezkuntzako ikastetxeetako ikasleentzat, eta taldeka edo ikastetxeka parte hartuko dute. Helburua da ozeano, itsaso, ibai eta lurpeko uren kontserbazioaren garrantziaz gogoeta egitea. Lehiaketaren oinarriak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko. Kultura Zientifikoaren Unitateak bultzatu du lehiaketa. Erakunde hori Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren mendean dago.
Bi formatutan parte hartzeko aukera dago: idazketa eta sormen artistikoa. Hauek izanen dira lanen oinarri: ibaiko eta itsasoko ekosistemak eta biodibertsitatea babestu eta lehengoratzea, ibaiko eta itsasoko dibertsitate biologikoaren erabilera jasangarria edo uretan petrolioen eta hondakin plastikoen kutsadura murriztea, besteak beste. Gela eta talde bakoitzak gehienez ere idazlan bat eta sormen lan bat aurkezten ahalko ditu, eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Lanak maiatzaren 23ra arte bidaliko dira ucc@unavarra.es posta elektronikoko helbidera, eta ikasle sarituek “Uraren Agenteak” ibaien eta lurpeko uren jasangarritasunarekin lotutako ikerketa- eta behaketa-jardueran parte hartuko dute.
Jarduera Ikertzaileen Gau Europarraren barruan eginen da. Europar Batasunak finantzatzen du Ikertzaileen Gau Europarra, eta NUPek Unibertsitateen G9 Taldearen eskutik parte hartzen du. Lehiaketako sariak ekainaren 12an emanen dira, Ozeanoen Nazioarteko Egunetik hurbil dagoen data.
G9-SCIENCE4ALL eta Ozeanoen Nazioarteko Eguna
G9-SCIENCE4ALL izenaren pean, Unibertsitateen G9 Taldea osatzen duten erakundeak, Kantabriako Unibertsitateak koordinatuta, partzuergo batean elkartu dira Ikertzaileen Gau Europarra elkarrekin ospatzeko. Unibertsitate hauek osatzen dute partzuergoa: Kantabriakoak, Gaztela-Mantxakoak, Extremadurakoak, Balear Uharteetakoak, Oviedokoak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Zaragozakoak, Errioxako Unibertsitatearekin lankidetzan. Haren jarduerak ekitaldiaren webgunean kontsultatzen ahal dituzue. Proiektu hau Europar Batasunak finantzatu du, Horizonte Europa programaren bidez. Ikerketako eta Berrikuntzako Esparru Programa, 101162477 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.