Joan eduki nagusira

Ivana Kirilova Stanchova eta Miren Zorrilla Vazquez Iruñeko Plaza de la Cruz BHIko batxilergoko 2. ikasmailako ikasleek bigarren saria lortu dute Lurzoruaren Zientziaren Espainiako Elkarteak (SECS) maila akademiko horretako ikasleek egindako ikerketa-lanak saritzeko antolatutako lehiaketa nazionalean. Izarbeibarko (Nafarroa) nekazaritzako lurrari buruzko azterlana ikastetxearen Ikerketako Batxilergoko (Ib+) programaren barruan garatu dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleen tutoretzapean. Lanak ohorezko aipamen bat ere lortu du Saint Louis Universityren Madrilgo Campusak deitutako Batxilergoko Ikasleentzako Zientzia eta Teknologiako XII. Sari Nazionalean, eta Stockholm Junior Water Prize (SJWP) sariaren Espainiako kapituluko hiru finalistetako bat izan da. Azkena urari eta ingurumenari buruzko gazteen ikerketarako nazioarteko sari bat da, Uraren Nobel Junior izenaz ere ezaguna, eta Estockholmeko Uraren Nazioarteko Institutuak sustatzen du.

Lanaren izenburua “CO2 isurtegiak: alda al dezake ureztapenak lurraren karbono inorganikoaren edukia?” da, eta Ester Alonso Martínez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Fisika eta Kimika Saileko irakaslearen tutoretzapean egin da, eta Isabel S. de Soto García eta Iñigo Virto Quecedo  hurrenez hurren Zientzien Saileko Edafologia eta Nekazaritzako Kimikaren Arloko irakaslearen eta katedradunaren aholkularitzapean (erakunde akademikoko ISFOOD Institutuko  ikertzaileak ere badira biak). 

zoom Ezkerretik eskuinera: Isabel S. de Soto, Ester Alonso, Ivana Kirilova eta Miren Zorrilla eta Iñigo Virto, NUPeko campusean.

Ezkerretik eskuinera: Isabel S. de Soto, Ester Alonso, Ivana Kirilova eta Miren Zorrilla eta Iñigo Virto, NUPeko campusean.

Lanak lurraren karbono inorganikoaren (CIS) azterketa du ardatz. Gutxi aztertutako frakzio hori karbonoaren erreserba osoaren herena baino gehiago da, eta funtsezko zeregina betetzen du lurzoruen propietate fisiko, kimiko eta biologikoetan, zeinek, aldi berean, landareen hazkundean eta produktibitatean eragina izan baitezakete. Lan hori “Karbono inorganikoaren balantzea nekazaritzan erabiltzen diren arro mediterraneo erdi-idorretako lurzoruetan (PID2022-142227NB-C21)” izenburuko ikerketa-proiektuaren barnean dago. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak eta Ikerketarako Estatu Agentziak (AEI) finantzatutako ikerketa da.

Nekazaritzako jardueren eragina

Ikerketak ebaluatu du nolako eragina duten nekazaritzako jarduerek, zehazki, labore motak (garia edo artoa) eta ureztatze motak (lehorrekoa edo ureztatua) karbonatoen dinamikan (lurzoruan dagoen karbono inorganikoa). Horretarako laginak hartu zituzten Izarbeibarko etxalde batean, zehazki, Eneritzen.

Landako eta laborategiko metodologia konbinatu baten bidez eta karbonoaren analisi isotopikorako tekniken bidez, ikerketak monitorizatu du lurzoruko karbono inorganikoak lurzoruaren gainazalean (30 zentimetro arte) duen bilakaera zazpi urtez. Lehen emaitzen arabera, ez da aldaketa esanguratsurik antzeman lurzoruaren karbono inorganikoaren guztizko kopuruan. Hala ere, aldatu egin dira jatorri litogenikoa edo primarioa duten karbonatoen (harrietatik datozenak) eta jatorri edafogenikoa edo sekundarioa (lurzoruan sortuak) duten karbonatoen arteko proportzioak, bereziki, ezarritako laborearen eta aplikatutako ur-bolumenaren arabera.

Ikerketan hasteko ate bat

2021eko apirilean, NUPek hitzarmen bat sinatu zuen Nafarroako Bigarren Hezkuntzako lau instituturekin Ikerketako Batxilergoa bultzatzeko. Ikerketako Batxilergoa “Batxilergoko ohiko ibilbideen bide osagarri bat da, oso aproposa ikerketa-jardueraren ezagutzan eta garapenean sakontzeko”, testuak jasotzen zuenez.

Ikerketako Batxilergoko ikasleek, hark irauten duen bi ikasturteetan, ikerketa akademiko formal bat egiten dute, eta idatziz entregatu eta ahoz azaltzen dute tarteko fasean eta azken fasean. Horrez gain, Ikerketaren Hastapenak irakasgaian prestakuntza espezifikoa jasotzen dute, eta ikasketak egiten ari diren ikastetxeko irakasle baten tutoretza dute, bai eta NUPeko irakasleen aholkularitza ere.

Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak emandako dibulgazio proiektu bati esker, NUPek Ikerketako Batxilergoarekin lotutako hogei proiektu babestu ditu ikasturte honetan Foru Komunitateko bigarren hezkuntzako hamalau ikastetxetan. Proiektu horiek proposatu dituzten erakunde akademikoko 27 irakaslek aholku ematen diete ikasleei lanak egiteko.