Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak emandako dibulgazio proiektu bati esker, Ikerketako Batxilergoarekin lotutako hogei proiektu babestu ditu aurten Foru Komunitateko bigarren hezkuntzako hamalau ikastetxetan.  Proiektu horiek proposatu dituzten erakunde akademikoko 27 irakaslek aholku ematen diete ikasleei lanak egiteko. 

Ikerketako Batxilergoko ikasleek, hark irauten duen bi ikasturteetan, ikerketa akademiko formal bat egiten dute, eta idatziz entregatu eta ahoz azaltzen dute tarteko fasean eta azken fasean.  Horrez gain, Ikerketaren Hastapenak irakasgaian prestakuntza espezifikoa jasotzen dute, eta ikasketak egiten ari diren ikastetxeko irakasle baten tutoretza dute, bai eta NUPeko irakasleen aholkularitza ere. 

Gainera, ikasleek eta haien irakasleek “Nola hasi ikertzeko lanean: ikasleentzako eta irakasleentzako gida” liburua kontsultatzen ahal dute. NUPek argitaratutako liburua da. Liburua doan banatu zen ekimen horrekiko interesa agertu zuten Nafarroako Bigarren Hezkuntzako hamar bat ikastetxetan.

zoom Bigarren hezkuntzako ikasle-irakasleak eta NUPeko irakasleak Arrosadiko campusean lanak aurkezteko saio baten aurretik.

Bigarren hezkuntzako ikasle-irakasleak eta NUPeko irakasleak Arrosadiko campusean lanak aurkezteko saio baten aurretik.

Ikasturte honetan NUPeko irakasleak tutore dituzten proiektuak

Ikasturte honetan, NUPeko irakasleak tutore dituzten ikerketek zenbait gizarte-gai lantzen dituzte, hala nola “Genero-indarkeriaren prebentzioa: begirada bat nerabezarotik” (Rebeca Echávarri Aguinagaren eta Sara Martínez de Morentin Osésen eskutik).

Beste lan batzuk hezkuntza arlokoak dira: “ChatGPT tresnak hezkuntzan duen eragina aztergai: analisia eta ikasleen erabilera ikaskuntza-prozesuan” (Raquel Chocarro Eguaras), “Ikus-entzunezko eta literaturako aisia bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen alfabetatze genetikoan” (Maribel Zudaire Ripa eta Iria Vázquez Urío) eta “Mahai jokoen erabilera historia ikasteko eta ondarea ezagutarazteko” (Gemma Piérola Narvarte).

Badaude ingurumen arlokoak, hala nola “Ezagutu zure institutuak garapen jasangarriari egindako ekarpena: jasangarritasuna neurtzen” (Francisco Javier Husillos Carqués), “Bizitza ilunpean: ikusten ez dugun biodibertsitatea” (María Napal Fraile), “Bertakoa denaren balioa identifikatzen: nekazaritzako barietateak, arrazak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako praktikak” (Cristina Arroqui Vidaurreta eta Idoya Fernández Pan) eta “Elikagaiek ere hartzen dute arnasa” (Carmen Barba González-Albo).

Humanitateentzako tartea ere badago: “Emakume errepresaliatuak Iruñean: begirada bat gerraosteko justizia arruntetik” eta “Eta... Auzoa egiten badugu? Herri-kulturaren boterea auzoetan eta udalerrietan (biak Gemma Piérolarenak).

zoom Batxilergoko ikasle bat poster batean laburbildutako lana azaltzen, ikerketa-kongresuetan egiten de bezala.

Batxilergoko ikasle bat poster batean laburbildutako lana azaltzen, ikerketa-kongresuetan egiten de bezala.

Teknologia, gai errepikatuena

Proiektu askok teknologiarekin dute zerikusia. Esaterako, hauek: “Adimen artifizialaren aplikazioa burtsaren analisi-tresna gisa” (José Enrique Armendáriz Íñigo), “Soinu-giroen sorkuntza 3D audio teknologien bidez” (Ricardo San Martín Murugarren eta Rubén Eguinoa Cabrito), “Hippy tresnaren baliozkotzea” (Nora Millor Muruzábal eta Ander Goñi Medrano) eta “Hiri kognitiboan zerbitzuak sortzen” (Francisco Javier Falcone Lanas, Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras, Mikel Celaya Echarri, Peio Iturri López, Imanol Picallo Guembe eta Erik Aguirre Gallego). 

Kasu batzuetan, oinarrizko zientziekin lotutako gaiak aztertzen dira, hala nola “Geologia eta kimika historiaren tresna gisa” (Isabel S. de Soto García) eta “Horrela dabil Lurra: ausartuko zara piezak muntatzen?” (Francisco Javier Sanz Morales). 

Osasunarekin lotutako gaiak ere lantzen dira. Hala gertatzen da honako honekin: “Zergatik erortzen dira adinekoak Nafarroan? (Nora Millor eta Maider Sada Allo), “Nola laguntzen dieten motibatzeko teknologiek (kirol aplikazioek eta jarduera eskumuturrekoek eta erlojuek) erabiltzaileei ohitura osasungarriak garatzen” (Miriam Alzate Barricarte) eta “Aulkian jarrera kontrolatzeko sistema baten diseinua” (Nora Millor).

Azkenik, ekonomia-gaiak ez dira alde batera uzten proiektu honi esker: “Kriptodirua, beste burbuila espekulatibo bat?” (Henrike Galarza Prieto).

Honako hauek dira proiektuak garatzen ari diren bigarren hezkuntzako ikastetxeak: Barañáin BHI, Ribera del Arga BHI (Azkoien), Valle del Ebro BHI (Tutera), Pablo Sarasate BHI (Lodosa), Sancho el Mayor BHI (Tafalla), Luis Amigó ikastetxea (Mutiloa), Paz de Ziganda ikastola (Atarrabia), Askatasuna BHI eta Ibaialde BHI (biak Burlatakoak), Basoko BHI, Julio Caro Baroja BHI, Plaza de la Cruz BHI, Hijas de Jesús ikastetxea eta Monjardín lizeoa (guztiak Iruñekoak).

Lankidetza 2021. urtetik

2021eko apirilean, NUPek hitzarmen bat sinatu zuen Bigarren Hezkuntzako lau instituturekin Ikerketako Batxilergoa bultzatzeko. Ikerketako Batxilergoa “Batxilergoko ohiko ibilbideen bide osagarri bat da, oso aproposa ikerketa-jardueraren ezagutzan eta garapenean sakontzeko”, testuak jasotzen zuenez.

Akordio horretan, NUPek konpromisoa hartu zuen ikergaiak ezartzeko, ikerketetan aholkulari aritzeko eta ikasleei erraztasunak emateko Iruñeko eta Tuterako campusetan ikerketa-lanak egin zitzaten, batez ere laborategietan, ikasgela tematikoetan eta arlo horrekin lotutako instalazioetan. Era berean, ezarri zuten Unibertsitateko irakasleek kanpoko ebaluatzaile profesional gisa hartuko zutela parte ikasleek egindako ikerketa-proiektuetan, dela zuzenean (epaimahaietan parte hartu, ebaluazioa egin, etab.), dela zeharka (aholkularitza edo zalantzak argitu).