Josu Irisarri Erviti ingeniariak (Iruñea, 1994) kontakturik gabeko teknologia haptiko berriak garatu ditu, urrutitik pertsonengan ukimen-sentsazioak sortzea ahalbidetzen dutenak, gailu eramangarriak alde batera utzita. Ikerketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesiaren emaitza da, eta haren helburua da sistema interaktiboetara egokitzeko denbora murriztea eta gailuen erabilera bultzatzea ingurune publikoetan. Horrez gain, ukimen-esperientzia afektiboak berreskuratzera bideratuta dago, hala nola besaurrea ukitzeko mugimenduak, zeinei askotan ez baitzaie erreparatzen ingurune birtualetan.
“Ikusmena eta entzumena nagusi izan dira pertsonaren eta ordenagailuaren arteko elkarrekintza-sistemetan, eta, batzuetan, ukimenaren garrantzia alde batera utzita – adierazi du Josu Irisarrik–. Doktoretza-tesian, urrutitik ukipen sentsazioak eman ditzaketen teknologia haptikoak aurkeztu ditut. Ingurune birtualetan murgiltzeko esperientziak hobetzeko eta erabiltzaileen arteko lotura sakonagoa errazteko ahalmena dute. Haptikaren erabilera ere jorratzen du, ukimena aztertzen duen zientzia, kontakturik gabe bada ere, esperientzia multimodaletarako, kontakturik gabeko teknologietarako eta konputazio afektiborako, emozioen eta teknologiaren arteko interakzioa aztertzen duen eremua”.
Oilo-ipurdia indar elektriko estatikoen bidez
Lanak zenbait ikuspegi esperimental ditu ingurune birtualetan emozioak birsortzeko, ukimen funtzionala gainditzeko helburuarekin (gauzei eusteko, idazteko edo tresnak manipulatzeko balio duena). Horrela, Josu Irisarrik, modu kontrolatuan, indar elektriko estatikoak aplikatu ditu, eta besaurreko azala urrutitik estimulatzea lortu dute eta, beraz, ilea altxatzea, hots, oilo-ipurdia izenaz ezagutzen den fenomenoa. “Teknologia horrek urrutitik jardun dezake, eta estimulu afektiboak sortzeko ahalmena du”, laburbiltzen du doktoretza-tesiaren egileak. Asier Marzo Pérez NUPeko irakasleak zuzendu du tesia, Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaile eta European Research Council (ERC) erakundearen “Starting Grant” laguntzaren onuradunak, Europar Batasunean prestigio zientifiko handiena duen erakundea da European Research Council (ERC).


Pertsona bat, ukimenik gabeko bilo-altxatze haptikoa esperimentatzen otsailean NUPen egin zen Gau Haptikoan.
Ikerketak plasma elektrikoa eta ultrasoinua konbinatu ditu airean deskarga elektrikoak gidatzeko. Teknika berritzaile horren emaitzak “Science Advances” eragin handiko aldizkarian argitaratu dira, eta teknika hori “gai da estimulu indartsuak sortzeko espazio- eta denbora-bereizmen egokiarekin”, azaldu du Josu Irisarrik. Tesiaren arabera, “lorpen hori funtsezkoa da, eta horri esker efektu hori lehenengo aldiz kontrolatu da”, erantsi du ikertzaileak.
Konbinazio teknologikoak
Ikerketak beste konbinazio teknologiko batzuk ere jasotzen ditu, besteak beste, ultrasoinua, indar elektriko estatikoak, deskarga elektrikoak, aerosolak, argi infragorria, hezetasun eta tenperatura aldaketak, airea eta laserrak batera erabiltzea, pertsonen eta ordenagailuen arteko elkarrekintzan ukipen-erantzunen aukera handitzeko. Era berean, material adimendun berri bat sartu du, burdin hautsa duen termoplastikoz osatua, eta urrutitik aktibatzen ahal da beroaren eta eremu magnetikoen bidez. Sistema horrek eskatzen du erabiltzaileak materialarekin harreman zuzena izatea, eta erreferentzia gisa erabili da kontakturik gabeko teknologiekin alderatzeko.


Erabiltzaile bat, hatz txikietan ultrasoinuen teknikekin gidatutako kontakturik gabeko deskarga elektriko haptikoak jasotzen.
“Espero dut lan honek ultrasoinuez bestelako kontakturik gabeko beste teknologia haptiko batzuk sartzeko balio izatea, azken hamarkadan teknologia hori izan baita nagusi — adierazi du Josu Irisarrik—. Kontakturik gabeko teknologia haptiko gehiago eskuragarri izateak eragin dezake ukipenezko feedbacka sartzea pertsonen eta ordenagailuen arteko interakzio-sistema batzuetan, hala nola erakusketetako, museoetako edo antzokietako esperientzia interaktibo publikoak”.
Doktoretza-tesiak Nafarroako Gobernuaren babesa izan du Europar Batasuneko FEDER funtsen eta TOUCHLESS proiektuaren bidez (Kontakturik gabeko esperientzia haptikoak eredu neurokognitiboak erabiliz), zeina EU Horizon 2020 EBko programak finantzatua baita.
Curriculum laburra
Josu Irisarrik Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua eta Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra (seihilabeteko bat igaro zuen Alemaniako Osnabrückeko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean Erasmus+ programari esker) egin zituen hurrenez hurren, Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza hasi baino lehen. Aldi horretan, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Glasgowko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Advanced Research Centren, eta horri esker bere doktoretza-tesiaren nazioarteko aipamen bat lortu zuen. Tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.


Kontakturik gabeko teknologia haptikoak, bideo-dei batean aplikatuak. Ukimena ikusmenari eta entzumenari gehitzen zaie pertsonaren murgiltzea hobetzeko, esaterako beste gelako beroa sentituz edo besarkada birtualen bidez.
Egun, Josu Irisarrik NUPekin lotura izaten jarraitzen du, Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle ordezkoaren lana eta Asier Marzoren UPNALAB taldeko ikerketa-lana egiten baititu batera. Talde hori Jesús Villadangos Alonso katedradun eta ISC Institutuko ikertzaileak zuzentzen duen Sistema Banatuak taldearen barruan dago.
Josu Irisarriren curriculumean, dibulgazio zientifikoari buruzko atal bat dago, arlo horretako zenbait jardueratan parte hartu baitu, hala nola Ikertzaileen Gau Europarra eta “Ciencia al punto / Zientzia puntu-puntuan” podcast formatuko dibulgazio zientifikoko kanala (NUPen ekimenak biak), Nafarroako Ikertzaile Gazteen Topaketa (Nabirra Ciencia), Campus Iberuseko Tesiak 3 Minutuan lehiaketa eta zenbait teknologia-azoka. Gainera, NUPeko Teknologia Elektronikoa bultzatzeko Ingeniaritzako Ikasleen Elkartea-i2tec sortu zuten pertsonetako bat izan zen, eta, beraz, 2017 eta 2023 artean, erakunde akademikoan parte hartu zuen Ingeniaritza Elektronikoaren Astea antolatzen.