Josu Irisarri Erviti, Iñigo Ezcurdia Aguirre eta Asier Marzo Pérez (azken biak ISC institutuari lotuak) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta ikertzaileek lehen aldiz frogatu dute posible dela deskarga elektrikoak uhin ultrasonikoen bidez gidatzea, eta aurkikuntza horrek aplikazio praktiko ugari izan ditzake hainbat esparrutan, hala nola industria edo osasuna. Ikerketak Finlandiako eta Kanadako unibertsitateetako irakasleekin egin dituzte, eta emaitzak “Science Advances” aldizkarian argitaratu dira. Aldizkari horren sorburua “Science” aldizkaria da. Prestigio handiko nazioarteko aldizkari zientifiko bat da, eta bidaltzen zaizkion lanen % 8,2 bakarrik onartzen du.


Argitalpenaren egileak diren NUPeko hiru ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera, Iñigo Ezcurdia, Asier Marzo eta Josu Irisarri.
NUPeko ikerketa-taldeak azaltzen duenez, deskarga elektrikoek hainbat aplikazio dituzte. Besteak beste, soldatzeko, gailu elektronikoak elikatzeko, germenak hiltzeko edo automobilen motor batzuetan erregaia pizteko erabil daitezke. “Erabilgarriak izan arren, zailak dira kontrolatzen espazio irekietan, adar kaotikoetan banatzen baitira, eta hurbilen dauden objektu metalikoetara bideratzen”, adierazi dute. Hain zuzen ere, aldizkarian jasotako aurkikuntza hori da: elektrizitatea uhin ultrasonikoen bidez, hots, soinuaren bidez, airean gidatzeko modua aurkitu da.
“Deskarga elektrikoen kontrol mailak aukera ematen du oztopoen inguruan gidatzeko edo puntu espezifikoetan talka eginarazteko, baita material ez-eroaleetan ere”, zehaztu dute ikertzaileek. Nolabait, “kable elektriko ikusezin bat” lortzea litzateke kontua. “Fenomeno hori duela urtebete baino gehiago ikusi genuen, gero hilabeteak behar izan genituen kontrolatzeko eta are denbora gehiago behar izan genuen azalpen bat aurkitzeko”, gaineratu du Asier Marzo artikuluaren liderrak.
Gida hau gertatzen da deskarga elektrikoek airea berotzen dutelako, eta airea zabaldu eta dentsitatea murrizten delako. Ondoren, aire beroa uhin ultrasonikoek gidatzen dute soinuaren intentsitatea handiagoa den eskualdeetara, eta ondorengo deskargek aire arinagoko eremu horiei jarraitzen diete, haustura tentsio txikiagoa dutelako. Efektu hori behatzeko, ikerketa-taldeak prestatutako bideoa ikus daiteke Youtube plataforman.
H2020 Touchless eta ERC InteVol europar proiektuek finantzatu dute ikerketa. Biak European Research Council (ERC) erakundearen proiektuak dira, zeinak Europar Batasunean prestigio handiena dutenak baitira.
Elektrolaserraren alternatiba ziurragoa eta egon daitezkeen aplikazioak
"Deskarga elektrikoen kontrol zehatzak aplikazio ugaritan erabiltzeko aukera ematen du, hala nola zientzia atmosferikoak, prozedura biologikoak eta zirkuituen elikadura selektiboa", adierazi du Ari Salmi Helsinkiko Unibertsitateko irakasleak.
“Lehen, deskarga elektrikoak laser bidez eragindako deskargen bidez baino ezin ziren gidatu, hizkera arruntean elektrolaser deituak, eta, horretarako, ikusmenerako edo larruazalerako arriskutsuak diren laserrak erabili behar ziren, baita argi iturri horren eta deskarga elektrikoaren arteko sinkronizazio zehatza ere”, azaldu du NUPeko taldeak. Ikertzaileek ultrasoinua erabiltzean garatutako metodoa segurua da pertsonentzat. Gainera, ekipo ultrasonikoa trinkoa eta eskuragarria da, eta etengabe funtziona dezake.
“Gogotsu nago deskarga ahulak erabiltzeko aukerarekin, eskuan ukipen estimulu kontrolatuak sortzeko, eta horrek, agian, kontakturik gabeko lehen Braille sistema sortzen lagun lezake”, gaineratu du Josu Irisarrik, argitalpenaren lehen egileak.
Artikulu zientifikoaren egileak
NUPeko irakasle eta ikertzaileez gain, honako hauek hartu dute parte artikuluan: Naroa Iriarte ikertzailea (NUPi lotua ikerketa egiteko unean), Marika Sirkka, Joni Mäkinen, Dimitry Nikolaev, Denys Iablonskyi eta Ari Salmi (guztiak Helsinkiko Unibertsitatekoak, Finlandian) eta Alexander Martinez-Marchese, Waterlooko Unibertsitatekoa (Kanada).