Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedrak Artearen eta Zientziaren I. Sariketa jarri du martxan. Ekimenaren helburua da sormen artistikoa bultzatzea pentsamendu zientifikoarekin elkarrizketan. Deialdia 16 urtetik gorako artistei edo kolektiboei dago zuzenduta, zeinahi dela ere haien nazionalitatea, eta artearen eta zientziaren arteko gurutzaketa ikuspegi kritiko eta sortzaile batetik lantzen duten artelanak bilatzen ditu, adimen artifizialekin lotutako gaiei arreta berezia eskainiz. Lehiaketan 6.400 euro banatuko dira sarietan. 

Proposamena aurkezteko epea apirilaren 21ean amaituko da, eta Iruñeko La Fábrica de Gomas kultur gunean erakusketa bat eginen da ekainean. Gehienez ere hamar lan aukeratuko dira ikusgai jartzeko eta hamar sari emanen dira: lehen sari bat, 2.500 eurokoa; bigarren sari bat, 1.500 eurokoa; eta zortzi accesit, bakoitza 300 eurokoa.

Balorazio irizpideak

Sariketaren oinarriek bereziki baloratzen dute lanen kontzeptualizazioa, haien izaera esperimentala, berrikuntza estetikoa eta erabilitako bitartekoei buruzko gogoeta kritikoa. Edozein formatu edo euskarritako lanak onartuko badira ere, lehentasuna emanen zaie horman finkatu edo oinarritu daitezkeenei, erakusketa-gunearen ezaugarriak direla eta. Antolatzaileek emandako monitore batean emanen dira etengabe ikus-entzunezko artelanak.

Parte hartu nahi dutenek eskaera aurkeztu beharko dute NUPeko erregistro elektronikoaren bidez, lanaren irudiak PDF formatuan edo lanak ikusteko esteka bat erantsita. Ez da beharrezkoa adimen artifizialeko tresnak erabiltzea sortze prozesuan, baina ez dago debekatuta horiek erabiltzea.

Sariketaren oinarriak katedraren webean daude kontsultatzeko. Informazio gehiago nahi baduzu, idatzi mezu bat helbide elektroniko honetara:catedra.divulgacion@unavarra.es