Nerea, Leyre eta Elena Torralba Viela Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek Espainia ordezkatuko dute Europako Curlingeko C Txapelketan. Txapelketa Östersunden (Suedia) eginen da apirilaren 24tik maiatzaren 2ra. Ikasleak izotz gaineko kirol olinpiko horretako txapelketarako sailkatu ziren Emakumezkoen Espainiako azken Txapelketa absolutuan garaipena eskuratu ondoren. Txapelketa Jakan (Huescan) egin zen. Lau jokalari titularrek eta ordezko batek osatzen dute eskandinaviar herrialdeko txapelketan parte hartuko duen taldea.
Nerea Torralba Medikuntzako laugarren ikasmailako ikaslea, Leyre Lehen Hezkuntzako Irakasletzako bigarren ikasmailako ikaslea eta Elena Zuzenbideko bigarren ikasmailako ikaslea Berdungoak dira (Huesca), eta Jakako izotz pistan entrenatzen dute, kirol hori praktikatzeko Espainian dagoen instalazio bakarra baita. Kirol praktika eta jarduera akademikoa bateragarri egiteko, hiru ahizpek erabaki zuten NUPen egitea unibertsitateko ikasketak, Jakatik hurbil dagoelako.


Ezkerretik eskuinera, Elena, Nerea eta Leyre Torralba Viela NUPeko ikasleak eta curlingeko jokalariak, Arrosadiko campusean.
“Unibertsitateak erraztu egin digu beti praktikak, eskolak eta azterketak aldatzea, eta eskerrak eman nahi dizkiogu, zeren, laguntza hori gabe, ezinezkoa bailitzateke kirola eta ikasketak bateragarri egitea”, esan du Nerea Torralbak.
Entrenamenduak eta dominak
Hiru ahizpak duela zazpi urte hasi ziren curlingean, bigarren hezkuntzako ikasketak egiten ari zirenean Jakako institutuan. Horietako bik, Leyrek eta Elena Torralbak, Aragoiko Gobernuaren teknifikazio-gelen programa batean parte hartu zuten, DBHko hirugarren ikasmailatik Batxilergoa amaitu arte. Programa horri esker, jarduera akademikoa eta entrenamenduak uztartu ahal izan zituzten. Bi eskola-ordu zituzten, kirol prestakuntzako saioak egin eta arratsaldean ikasgelara itzultzen ziren.
Ahizpek astean hirutan entrenatzen dute (astearte, ostiral eta igandeetan) Jakako izotz-pistan, eta Espainiako Izotz gaineko Kirolen Federazioak antolatutako lehiaketa ofizialetan parte hartzen dute. Lehiaketa horiek Jakan egiten dira.
Urte hauetan zehar, hainbat domina lortu dituzte. Batera, urrezko domina bat lortu dute emakumezkoen Espainiako Txapelketan, zilarrezko domina bat eta brontzezko bi. Gainerako modalitateetan, Leyrek eta Elenak zilarrezko domina bat eta brontzezko domina bat lortu dituzte Espainiako Txapelketa Mistoan; eta Nereak, berriz, zilarrezko bi domina Espainiako binakako Txapelketa Mistoan. Nazioarteko esparruan, Nereak Europako txapelketa absolutuetan, aurreolinpikoetan eta munduko junior txapelketetan parte hartu dute. Junior kategoriako azken urtean, Espainiako selekzioan aritu zen Leyre ahizparekin. Duela gutxi, Leyre ere Munduko Txapelketara joan zen Espainiako selekzioarekin eta kapitaina izan zen.
Europako C Txapelketa prestatzeko, egonaldi bat egin zuten Eskozian, kirol hori sortu zen lekuan, eta entrenamendu-saioak egin eta prestakuntza-partida batzuk jokatu zituzten txapelketara ahalik eta baldintza hoberenetan iristeko. Txapelketak zenbait selekzio sortu berri biltzen ditu. Gainera, beti bezala Jakako pistan entrenatzen jarraitu dute.
Harriak pista batean mugitzen
Curlinga jatorria Eskozian duen izotz gaineko kirol modalitate olinpiko bat da. “Tradizio handiko herrialdeek, hala nola Kanada, Espainian futbolak adina kirolari federatu dituzte curlingean”, esan du Nerea Torralbak.
Curlingean, bi talde granitozko harriak pista izoztu batean mugitzeko norgehiagokan aritzen dira, harriak “house” izeneko diana zirkular baten erdira ahalik eta gehien hurbiltzeko. Talde bakoitzak txandaka botatzen ditu bere harriak, eta harri bat mugitzen den bitartean, bi lagunek erratz bereziekin izotza erraztatzen dute harriaren abiadura eta ibilbidea kontrolatzeko. Jarduera horrek marruskadura murrizten du, eta horri esker jaurtiketaren kurba eta distantzia doitzen dira.
Partida bat “ends” izeneko erronda batzuetan banatzen da (normalean, zortzi-hamar), eta bakoitzaren amaieran, puntuak emateko kontuan hartzen da talde batek zenbat harri dituen erdigunetik gertuago etsaiarenekin alderatuz.
Estrategia, doitasuna, prestakuntza mentala eta erresistentzia fisikoa uztartzen dituen diziplina bat da (“litekeena da egun batean hiru partida jokatzea”, azaldu du Nerea Torralbak). Zenbait modalitate daude (binakako mistoa, mistoa, emakumezkoena eta gizonezkoena), eta, horrenbestez, gizon eta emakumeek batera joka dezaketen kirol bakanetako bat da.