Sei unibertsitatek (Burgos, Leon, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Rey Juan Carlos, Valladolid eta Vigo) parte hartuko dute apirilaren 6tik 13ra arte NUPeko XVI. Antzerki Emanaldian. Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu du, Iruñeko Udalarekin elkarlanean. Emanaldi guztiak Iturramako Civivoxean eginen dira, eta 19:30ean hasiko dira. Sarreren prezioa euro batekoa da, eta aldez aurretik izena eman behar da. Sarrerak eskuragarri daude 010 telefonoan, pamplonaescultura.es webgunean, eta aurrez aurre edozein Civivoxetan. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko. Antzezlanak helduentzako dira.
Zikloan, zazpi antzezlan antzeztuko dira, NUPeko Antzerki Taldeak “¿Dónde vas, inocencia?” antzezlanaren bi emanaldi eginen baititu apirilaren 12an (larunbata) eta 13an (igandea). Massil Allache de Estebanek idatzi eta Óscar Orzaiz Resanok zuzendua, antzezlanak eszena segida bat proposatzen du, eta, begirada ironiko eta probokatzaile bat erabiliz, inozentziaren efektuak eta izan ditzakeen ondorio emozionalak jorratzen dituzte eszenek. Umorea, hausnarketa eta kritika uztartzen dituen proposamen eszeniko baten bidez, publikoa gonbidatzen da ikuslea zuzenean interpelatzen duen “proiektu artistiko konplexu eta ezegonkor batean” aktiboki parte hartzera.


“¿Dónde vas, inocencia?” antzezlanaren entsegua. Ezkerretik eskuinera: Carlos Goyache, Natalia Zúñiga, Elisabet Valls, Xabier Salinas (atzean), Noelia Ayúcar (belauneko), Amaia Femia, Eneko Andueza eta Lydia del Moral.
Emanaldia apirilaren 6an, igandea, inauguratuko dute “Danza de la vida breve” antzezlanarekin, Leongo Unibertsitateko Teatro El Mayal antzerki taldearen eskutik. Antonella Sturlak idatzi eta Javier R. de la Vargak zuzendutako pieza hau Federico García Lorcaren unibertsoan barrena egindako bidaia ez lineala da, eta bere poesian eta antzerkian barrena doa aukeratutako antzerki-testu batzuen bidez.
Apirilaren 7an, astelehena, Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitateko ArrojoScénico taldeak “Él se llama Macbeth” aurkeztuko du Víctor Mendozaren zuzendaritzapean. Antzezpen hau Antonius Bloc idazleak idatzia da, eta William Shakespeareren “Macbethen tragedia” lanean du inspirazio-iturria. Eskoziako erregeari telebista-elkarrizketa bat egitea proposatzen du. Elkarrizketa horretan, bere tronurako igoerari eta Lady Macbethen eraginari buruzko sekretuak azaltzen dira.
Agatha Christieren klasiko baten egokitzapena
Apirilaren 9an, asteazkena, Valladolideko Unibertsitateko Soriako Unibertsitate Campuseko Antzerki Taldeak “Diez negritos” antzeztuko du, Elisa de Diegok eta Héctor Romerak zuzendutako Agatha Christieren klasikoaren egokitzapen komikoa. Bertsio horretan, pertsona desberdinek ezusteko egoerei aurre egin behar diete uharte misteriotsu batean.
Apirilaren 10ean, osteguna, Burgosko Unibertsitateko UBU Antzerki Konpainiak “Proyecto Laramie” antzeztuko du, Montse Ortizen zuzendaritzapean. Moisés Kaufmanek eta Tectonic Theater Project taldeko kideek sortutako lan hori Laramie hirian (Wyoming konderria, Estatu Batuak) gertatu den gazte baten hilketari buruzkoa da. Gaztea bere sexu-orientazioagatik hil dute. Komunitatearen erreakzioak aztertu eta tolerantziari eta aurreiritziari buruz hausnartzen du antzezlanak.
Apirilaren 11n, ostirala, Vigoko Unibertsitateko Ourenseko campuseko Maricastaña Taldeak “Ludovico 2.5” antzezlana eskainiko du. Fernando Dacostak idatzi eta zuzendutako antzezlana Anthony Burgessen “Laranja mekanikoa” eleberrian dago oinarrituta. Antzezlanak indarkeriaren inguruko satira soziala planteatzen du, eta itxuraz kontraesankorrak diren elementuak nahasten ditu, hala nola soziopatia eta ironia, psikopatia eta umore beltza, punka eta Beethoven. Proposamen eszeniko arriskutsua da, eta ikuspegi berri batetik aztertzen du duela sei hamarkada baino gehiago argitaratutako liburu baten garrantzia sinbolikoa.