Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Antzerki Taldeak bere lan berria estreinatuko du Iruñean asteburu honetan, apirilaren 12an eta 13an: “¿Dónde vas, inocencia?”. Massil Allache de Estebanek idatzi du antzezlana eta Óscar Orzáiz Resanok zuzendu. Antzezlanak, umorez eta begirada kritikoz, inozentziaren ondorio emozionalak aztertzen ditu. Emanaldia 19:30ean izanen da bi egunetan, Iturramako Civivoxean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatutako Unibertsitateko XVI. Antzerki Emanaldiaren parte da. Sarreren prezioa euro batekoa da, eta aldez aurretik izena eman behar da. Sarrerak eskuragarri daude 010 telefonoan, pamplonaescultura.es webgunean , eta aurrez aurre edozein Civivoxetan.


“¿Dónde vas, inocencia?” antzezlaneko antzezleak. Ezkerretik eskuinera: Xabier Salinas, Carlos Goyache, Elisabet Valls, Natalia Zúñiga, Amaia Femia, Eneko Andueza, Noelia Ayúcar eta Lydia del Moral.
Antzezlanak eszena segida bat proposatzen du, eta, begirada ironiko eta probokatzaile bat erabiliz, inozentziaren efektuak eta izan ditzakeen ondorio emozionalak jorratzen dituzte eszenek. Umorea, hausnarketa eta kritika uztartzen dituen proposamen eszeniko baten bidez, publikoa gonbidatzen da ikuslea zuzenean interpelatzen duen “proiektu artistiko konplexu eta ezegonkor batean” aktiboki parte hartzera.


“¿Dónde vas, inocencia?”.antzezlanaren entsegu baten irudia. Ezkerretik eskuinera: Carlos Goyache, Natalia Zúñiga, Elisabet Valls, Xabier Salinas (atzean), Noelia Ayúcar (belauneko), Amaia Femia, Eneko Andueza eta Lydia del Moral.
Esperientzia artistikoa duen egile bat
Massil Allache, antzezlanaren egilea, NUPeko Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduko ikaslea da. Joan den urtean, Nafarroako Antzerki Eskolan, “San Cristóbal: historia de una fuga” monologoa estreinatu zuen. Allachek berak idatzi eta jokatu zuen monologoa. “Xaboi-saltzailea” familiako antzezlanaren protagonista ere bada. Antzezlan horretan, keinuzko komedia, mimika eta poesia xaboi-burbuilekin nahasten ditu, eta “Lo imposible se hace realidad” magia-ikuskizunaren sortzailea da, zeinean Massil magoa izenarekin parte hartzen baitu. Gainera, “Teatros mágicos” konpainiaren sortzaileetako bat da.
Antzezleak eta lantalde teknikoa
Ikasleak dira antzezlaneko antzezleak. Hauek zehazki: Eneko Andueza del Campo (Ingeniaritza Informatikoko Gradua), Noelia Ayúcar Fonseca (Psikologiako Gradua), Lydia del Moral Pastrana (Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradua), Amaia Femia Comesañas (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradu Bikoitza), Carlos Goyache Sarasa (Ingeniaritza Informatikoko Gradua), Xabier Salinas Echave (Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradua), Elisabet Valls Lezáun (Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Gradua) eta Natalia Zúñiga Ezcurra (Gizarte Laneko Gradua).
Testuaren egilea, Massil Allache, argiaz eta soinuaz arduratu da, eta eszenografia eta jantziak, berriz, NUPenak dira. Gainera, Noelia Ayúcarrek, aktoreetako batek, diseinatu du kartela, eta Xabier Salinas eta Natalia Zuñiga antzezleak arduratu dira diseinu grafikoaz.
“¿Dónde vas, inocencia?” antzezlana apirilaren 1ean, asteartea, estreinatuko da Valladolideko Unibertsitateko Soriako campuseko ekitaldi-aretoan, eta apirilaren 8an, asteartea, antzeztuko da Zaragozako Unibertsitateko Pedro Cerbuna Ikastetxe Nagusiko ekitaldi-aretoan. Apirilaren 12an eta 13an Iruñean emanaldiak egin ondoren, bira bat eginen du Nafarroatik kanpo: Burgos (apirilaren 29an, asteartea), Orense (maiatzaren 1ean, osteguna), Ponferrada (maiatzaren 3an, larunbata) eta Leon (maiatzaren 4an, igandea). Gero, ekainaren 14an, larunbata, Foru Komunitatera itzuliko da, NUPeko Antzerki Taldeak Orkoiengo Gizarte Etxean taularatuko baitu 20:00etan.
Honako hauek izan dira NUPeko Antzerki Taldearen azken antzezlanak: Jordi Gomarren “Superhéroes de barrio” (2017-2018), Dulce Chacónen “Algún amor que no mate” (2018-2019), Javier Vicedo Alósen “Summer evening” (2019-2020), Fermín Cabalen “Tejas verdes” (2020-2021), Fernando Arrabalen “Arrabaladas” (2021-2022), zenbait egileren “Injusta justicia” (2022-2023) eta María Pradoren “(Des)de los escombros” (2023-2024).