Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak “Emakumezko ingeniari gazteak” saileko beste bideo bat estreinatu du. Bideoaren helburua da zientziaren eta teknologiaren esparruan erreferentzia diren emakumeak agerian jartzea emakumezko ikasleen artean ZTIM bokazioak bultzatzeko (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika). Azken bideoan, Fátima Smail aljeriar jatorrikoa eta NUPeko egresatua den industria-ingeniaria da protagonista. Ikus-entzunezkoa aurkezteko antolatutako ekitaldi batean, Smailek bere esperientziaren berri eman zien Iruñeko Plaza de la Cruz BHIko ikasleei, ikastetxe horretan egin baitzituen unibertsitate aurreko ikasketak. Bideokonferentzia baten bidez, bere bizi esperientzia eta esperientzia akademikoa kontatu zituen, bereziki, trenbideen sektoreko multinazional batean lan egin arte gainditu dituen erronkak. Unibertsitate aurreko ikasleek beren etorkizun akademiko eta profesionalari buruz hitz egin zuten Smailekin.


Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako irakasleak, bideoaren egilea eta Plaza de la Cruz BHIko ikasle eta irakasleak pantailaren aurrean, non Fátima Smail agertzen baita.
Fatima Smail Aljerian jaio zen, eta handik Gironara eta, gero, Iruñera joan zen, umetan, familiarekin batera. Bidean izandako zailtasunak gorabehera, aurrera atera zituen bai Plaza de la Cruz BHIko bai NUPeko ikasketak, non Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua, Txinako unibertsitate batean egindako egonaldia barne, eta Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egin baitzituen. Unibertsitateko ikaslea izan zen urteetan, NUPeko Antzerki Taldean parte hartu zuen. Egun, Zaragozako SEGULA Technologies multinazionalean egiten du lan, eta han trenbideen sektoreko proiektuak garatzen ditu. Zehazki, trenetarako sistemen diseinuan.
Ingeniari eleaniztuna
Bere esku-hartzean, aipagai izan zituen bidean izandako zailtasunak eta jasotako laguntzaren garrantzia, batez ere institutuaren eta unibertsitatearen laguntza, bere helburuak lortzeko. Ikasle garaian gehien lagundu ziotenetako bi izan ziren bertan: Joaquín Roa Ortigosa Plaza de la Cruz BHIko Filosofia irakaslea eta Natalia Tajadura Arizaleta NUPeko Dibertsitatearen eta Inklusioaren Unitateko gizarte-langilea.
Fátima Smailek gaztelania, ingelesa eta arabiera erabiltzen ditu bere eguneroko bizitzan, eta bideoan, frantsesa bigarren ama-hizkuntzatzat hartzen du, txineraz moldatzen da eta baditu japonierako ezagutzak. Norberak bere burua hobetzeko eta elkartasunerako mezua ematen die gazteei eta bere helburuen alde borrokatzera eta behar dutenean laguntza bilatzera bultzatu ditu.
Ekitaldian, Plaza de la Cruz BHIko ikasleek ere parte hartu zuten, eta Batxilergoan garatutako ikerketa-proiektuak aurkeztu zituzten. Ivana Kirilova Stanchovak eta Miren Zorrilla Vázquezek aztergai izan zuten ureztatzeak lurzoruko karbono inorganikoaren edukian duen eragina, eta Tania Rodrigues Goñik eta Ainhoa Romeo Borjak, berriz, adinekoen giharren hauskortasuna. Azkenik, Yasmin Bouguetochek adimen artifizial sortzaileak hezkuntzan duen zeregina aztertu zuen. Lanak azaldu ondoren, ikasleak solasean aritu ziren Smailekin, eta hark maitasunez gogoratu zituen institutuan igarotako urteak, eta unibertsitatean eta lanbidean egindako ibilbideari buruzko gogoeten berri eman zien.
Emakumezko ingeniariak hurbiletik
Helena Bengoetxea Guelbenzu dokumentalista eta “Matrioskas, las niñas de la guerra" eta “Petrus, historia de un capitel” lanen egileak egin du bideo berria, eta “Emakumezko ingeniari gazteak” sailean argitaratutakoei gehitzen zaie. Sail hori Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webean dago erabilgarri. NUPeko hiru egresatuk (Sonia Elizondo Martínez, ingeniari informatikoa; Marta Melero Frago, Telekomunikazio ingeniaria; eta Ana Murillo Larrey, industria ingeniaria) dira ekimen horretako beste bi ikus-entzunezkoen protagonistak. Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren laguntza du ekimenak.
NUPek eta Nafarroako Gobernuak 2019an sortu zuten Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra, eta Gurutze Pérez Artieda irakasle eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak zuzentzen du. Katedraren xedea da emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatzea, emakume kopurua handiagotuz ZTIM titulazioetan, bai eta arlo horietako ikerketa sustatu eta haietan genero ikuspegia sartzea ere.