Joan eduki nagusira

Bihar, ostirala, martxoak 21, “Nazioarteko merkataritza-banaketako kontratua” hitzaldia izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Zuzenbide Saileko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuaren arloak antolatu du. Saioa 10:15ean hasiko da Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko 322. Ikasgelan, eta sarrera librea izanen da. Ángel Espiniella Oviedoko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak emanen du hitzaldia. Nazioarteko merkataritza-banaketako kontratua funtsezko tresna da mugaz gaindiko merkataritza-salerosketetan.

zoom Ángel Espiniella Menéndez, Oviedoko Unibertsitateko katedraduna.

Ángel Espiniella Menéndez, Oviedoko Unibertsitateko katedraduna.

Kontratu horrek garrantzi estrategikoa du produktu eta salgaiak nazioartean merkaturatzeko. Kontratu horren bidez, hornitzaileak bere salgaiak saltzen dizkio banatzaileari, eta banatzaileak, bere kabuz, handizkako edo txikizkako nazioarteko merkatuan saltzen ditu. Eta hori guztia merkataritzako lankidetzaren norainokoa ezartzen duen hasierako esparru-akordio batean oinarrituta.

Hitzaldian, kontratu horien inguruko auzi juridiko nagusiak aztertuko dira, hala nola zein den aplikatu beharreko legeria, alderdien betebeharrak eta eskubideak, esklusibotasun-baldintzak eta gatazkak saihesteko funtsezkoak diren kontratu-klausulak. Auziak konpontzeko mekanismoak ere azalduko dira, hasi bide judizialetik eta nazioarteko arbitrajera, eta Europar Batasunaren lehiari buruzko arauek gisa horretako merkataritza-harremanetan duten eragina.

Hizlariaren CV laburra

Hizlaria, Ángel Espiniella Menéndez katedraduna, Zuzenbidean lizentziatu zen 2001ean, eta 2006an lortu zuen doktoretza titulua Oviedoko Unibertsitatean. Egun unibertsitate horretako idazkari nagusia da Kalitate eta Proiekzioko dekanordea eta Zuzenbide Pribatuaren eta Enpresa Zuzenbidearen Saileko idazkari akademikoa izan ondoren. Ahokulari eta kide izan da Europar Batzordearen, Garapenerako Banku Interamerikarraren eta Karibean Merkataritzako Zuzenbidea Harmonizatzeko Erakundearen (OHADAC) hogei bat proiektu eta kontratutan.

Halaber, Prestakuntza Judizialaren Europako Sareko aditu judiziala izan da hainbat ediziotan, eta Europako Arbitraje Gorteko Espainiako Kapituluko idazkari lanetan aritzen da. Oviedoko Arbitraje Gorteko mahaikidea, Ángel Espiniellak esperientzia handia du enpresen aholkulari lanetan eta nazioarteko arbitrajeko eta bitartekaritzako aditu lanetan. Bost libururen egilea eta seigarren baten egilekidea da, eta nazioarteko zuzenbide pribatuko, nazioarteko merkataritza zuzenbideko eta immigrazioaren emigrazioaren zuzenbideko hirurogeitik gora  artikulu zientifiko eta liburuetako kapituluren egilea.