Osotara Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 51 ikaslek parte hartu dute Erronka Berriztagarrian. Erakunde akademikoko Energia Berriztagarrien Katedrak Energiaren XII. Asteari amaiera emateko proposatu duen erronka da. Erakunde akademikoak antolatzen du Astea. Erronkan proposatutako lau proiektu izan zituzten langai ikasleek: “Eguzki instalazio fotovoltaikoak: instalazioen automatizaziorantz”, “Beroa NUPen: efizienteagoa, jasangarriagoa”, “Haizea eta eguzkia: energia berriztagarrien hibridazioa”, “Kamioi elektrikoak Nafarroan: geltoki apurtzaile bat berriz kargatzeko”.
Honako lagun hauek osatutako taldeak irabazi zuen erronkako lehen saria: Rubén Ibiricu, Adrián Ibáñez, Tatyana Fernandes, Raúl Olaverri, Muskilda Ibarrola, Fermín Markotegi, Ana Remirez de Ganuza, Félix Goñi eta Xabier Herrera (taldeko liderra). Bestalde, honako lagun hauek osatutako taldeak lortu zuen accesita: Álvaro Arnedillo, Jorge Blázquez, Susana Criado, Garikoitz García, Carlos Revilla, Javier Pérez, Monika Danielova, Martín Collado eta María Cristina Baigorri (taldeko liderra). Lehen postuak 900 euroko saria zuen talde osoarentzat, eta bigarrenak 450 eurokoa.
Erronka Berriztagarriaren edizio horretan beste bi sari eman zituzten lehenengoz: komunikabideetan eragin handiena izan duen proiektua eta erronkan parte hartu zuten taldeen boto gehien jaso dituen proiektua aintzatetsi zituzten. Xabier Herrera lider zuen taldeak irabazi zuen lehenengoa; eta Miguel Redínek, Imanol Abadek, Ioritz Azanzak, Unai Salvidek, Julen Bedialaunetak, Asier Romerok, Iosu Olletak eta Itsaso Zulaikak (taldeko liderrak) osatutako taldeak irabazi zuen bigarrena.
Erronka Berriztagarria egin aurreko arratsaldean, ikasleak tribial berriztagarri batean lehiatu ziren sei taldetan antolatuta, eta David Elizondo katedrako kideak antolatu eta aurkeztu zuen. Proban galderak egin ziren energiari, teknologia berriztagarriei eta katedra berari eta haren kide diren enpresei buruz. Taldeek gehien interesatzen zitzaien proiektua aukeratu zuten tribialeko sailkapenaren ordenari jarraituz.
Erronka Berriztagarriaren garapena
Erronka Berriztagarriaren egunean, taldeak 8: 00etan hasi ziren beren ingeniaritzako erronketan lanean. Muga ordua 16:30ak ziren. Jarraian, beren soluzioak aurkeztu zituzten epaimahai baten eta kideen aurrean, eta horretarako zortzi minutu zituzten gehienez ere. Honako lagun hauek osatu zuten epaimahaia: Jesús Arellano (Siemens Gamesa Renewable Energy), Laura Sada (Ingeteam), Cristina Pinto (CENER), José Antonio Donamaría (Acciona Energía), Naiara Goñi (Nordex), Raquel Pagola (Nabrawind), Alfredo Ursúa (IITIGMETeko zuzendaria) eta Pablo Sanchis eta Idoia San Martín (Energia Berriztagarrien Katedrako zuzendaria eta zuzendariordea hurrenez hurren).
Sari-banaketaren ondoren, networking saio bat egin zen aperitibo eta guzti, eta katedrako zuzendaritza, epaimahaia osatu zuten enpresetako kideak eta ikasle parte-hartzaileak joan ziren ekitaldira. Amaiera horri esker taldeek indarrak berritu zituzten, erronkari konponbidea eman izana ospatu zuten, eta katedrako enpresen ordezkariekin solasean aritu ziren.
“Energia Berriztagarrien Katedrak (Pablo Sanchis, Idoia San Martín, Leyre Catalán eta David Elizondo) eskerrak eman nahi dizkie egindako lanagatik ekitaldian parte hartu duten NUPeko zerbitzuei, erronkak prestatzen lagundu duten irakasleei, epaimahaikideei, katedrako enpresei eta ikasle parte-hartzaileei, zeinak kirol legez eta taldean lan egiteko gaitasun tekniko handia erakutsiz lehiatu baitira”, eman du aditzera Katedrak.